Grenfell dorrea Londresko North Kensington barrutian kokatutako eraikina zen; 24 solairu zituen, eta 120 apartamentu, etxebizitza sozialak denak. 2017ko ekainaren 14an, sute tragiko batek guztia suntsitu eta 72 bizilagun hil zituen. Lekukoen, adituen eta bizirik atera zirenen ahotik, Netflixen dagoen Grenfell: Uncovered dokumentalak sutearen eta ondorengo ikerketaren nondik norakoak azaltzen ditu. Sute horrek Erresuma Batuko gabezia batzuk utzi zituen agerian erarik okerrenean.
Dorrean, klase baxuko herritarrak bizi ziren gehienbat. Babes ofizialeko etxebizitza horiek auzo aberats baten erdian zeuden kokatuta, eta auzotar batzuek uste dute horregatik erabaki zutela eraikina kudeatzen zuen Kensington and Chelsea Tenant Management Organisation (KCTMO) erakundeak kanpoko aldea apaintzea. Blokearen parean dauden etxe ikaragarri garestietako jabeei munstrokeria iruditu zitzaielako apaindu zuten dorrea.
Apaintzeko erabili zuten materiala, ordea, merkatuan zegoen materialik merkeena eta sukoiena zen. Izan ere, adituen ustez, aluminioz eta polietilenoz egindako estaldura horrek eragin zuen hozkailu batean hasitako sute txikia dorre osora zabaldu izana oso minutu gutxian. Dorrea bertan bizi zirenentzako tranpa hilgarria bihurtu zen.
Dokumentalak sutearen gaueko irudiak eta elkarrizketa esanguratsuak uztartzen ditu, eta, Peter Apps kazetariaren laguntzaz, salatzen du tragedia hura ez zela kasualitate hutsa izan, baizik eta ezgaitasunaren, gezurren, zekenkeriaren eta akats sistemikoen nahasketa ilun baten ondorioa. Bizirik atera zirenen eta haien senideen ahotsak jartzen ditu erdigunean: esperientzia lazgarriak, galera mingarriak eta oroimenari tinko eusten dioten kontakizunak.
Plataforma digitaletako zenbait dokumentaletan, oso ohikoa da —bereziki true crime saioetan— entretenimendua egiazkotasunaren eta zorroztasunaren gainetik jartzea; Grenfell: Uncovered ez da joera horren parte. Batzuetan datu teknikoetan sakontzen badu ere, helburua argia da: dokumentu zorrotz eta arduratsu bat eskaintzea, errespetuz eta egiarekiko konpromiso tinkoz. Eta hori, dudarik gabe, txalogarria da.
Etekin ekonomikoak giza bizitzaren gainetik jartzen diren bitartean, tamalez, halako tragediak behin eta berriz gertatuko dira.