Aitortu behar dut: telesail britainiarrekin debilidadea dut. Duela gutxi jakin dudan zerbait da: azken urteetan ikusi dudan telesail andanatik memorian iltzatuta gelditu zaizkidan gutxi horien artean, gehiengoa irla txiki horretatik ateratako ekoizpenak dira, azken finean. Hasi Fleabag, I May Destroy You edota The End of The Fucking World bezalako tragikomediek erakusten duten umorearen eta dramaren arteko lotura fin eta bikainetik, Chernobyl edo Black Mirror bezalakoen kritika sozial zorrotzetik igaro, eta bihotza ukitzen dizuten In My Skin edota The Virtues telesail dramatikoen brutalismoraino. Sex Education, The Crown edo Heartstopper bezalako beste adibide bikain batzuk ahaztu gabe, noski. Ez dakit zerk lotzen dituen izenburu horiek guztiek, zehazki, euren jatorritik at; Estatu Batuetako ekoizpenek duten handitasunaren falta da, agian?
Kontua da, plataformek ekoizpen britainiar baten berri ematen didaten bakoitzean, ikusmira sortzen zaidala eta, ahal dudan heinean, gehienak ikusten saiatzen naizela. Horietako bat da The Tower (HBO Max), 2021ean argitaratua eta bigarren denboraldia atera berri duena. Kate London idazleak sortutako trilogia batean omen du jatorria; hirugarren bat espero beharko, beraz. Dorre batetik erori diren polizia baten eta gazte libiar baten hilketaren ikerketa kontatzen du lehenak —hortik izenburua—. Bigarrenak, ordea, dorre hartatik fokua kendu, eta duela hogei urte gertatutako erailketa baten ikerketa kontatzen du. Beste eginbehar batzuek harrapatuta, ez nuen bere garaian lehen denboraldia ikusi, eta orain ikusi ditut biak jarraian.
Egia esan, hasieran aipatu ditudan izenburuen aurrean, azken hau ez zait hain gogoangarria egin. Entretenigarria da, beste hainbat thriller bezala, eta gidoia ondo josia dago; baina ez du uzten beste telesail batzuek duten arrastoa —aktoreen lan bikainak, sinbolismoak, edo pertsonaien sinesgarritasunak eragindakoa—. Azpimarratzeko gauza batzuk baditu, ordea: lehen denboraldian, erailketaren ikerketa ipar-afrikarrekiko arrazismoarekin uztartzeko duten modua; bigarrenean, hilketen sail barruko lan-antolaketa kaxkarra erakusteko duten modua; eta, orokorrean, Game of Thrones telesailaren zaleoi ezagun egingo zaigun Gemma Whelan aktorearen lana.

EKOGRAFIAK
Dorrea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak