Lide Hernando.
'Ekografiak'

Dragoiak eta manikeismoa

2024ko irailaren 5a
05:00
Entzun

Kostatu zait, baina ikusi dut. Ez nekien kontu hau atzeratzearen atzean nagia ala beldurra ezkutatzen ote zen; hain zen gazi-gozoa unibertso bereko aurreko telesailaren amaierak utzi zidan zaporea. Better Call Saul-ek, gainera, oso altu utzi zuen prekuelen podiuma, eta banekien –kontrakoa ia-ia ezinezkoa zen– gaur hizketagai dudan honek ez zidala beste horrek bezain zapore gozoa utziko.

Enigmatiko izaten jarraitu gabe: House of the Dragon telesailaz ari natzaizue, jada bi denboraldi dituen Game of Thrones telesailaren prekuelaz, alegia. Jende asko entzun dut, offline eta online, honi buruz hizketan, eta hain da handia unibertso honi lotzen nauena —uztaileko azken artikuluan GOT irla desertu batera eramango nituzkeen bost telesailen artean sartu nuen—, ezen ez bainuen bestearekin hartutako dezepzioaren mailako zerbait errepikatzerik nahi.

Baina ikusi dut azkenik eta, aizu, ez dago gaizki. Maila estetikoan, irudiek oraindik kalitate hobea dute –dragoiak, ene!–. Baina badakizue ez naizela plano estetikoan gelditzekoa. Gidoiak GOT-en lehen denboraldietako konplexutasuna hartzen ez badu ere, nabari da mimoz eginda dagoela, eta ez soilik gerra-gose den audientzia krispeta-jaleari zuzendua. Protagonistak bi emakume izateak, gainera, fikzioan gero eta gehiago sartzen ari den emakumeen arteko harremanen konplexutasuna islatzen du. Eta nabari da unibertso honen sortzailea, GRR Martin idazlea bera, inoiz baino gehiago hartu dutela kontuan gidoia idaztean —aurreko akatsetatik ikasten, akaso—.

Hala ere, batez ere lehen denboraldian, denbora jauzi nabarmenak egoteak zail egiten du pertsonaia batzuekin konektatzea. Horrek, gainera, GOT hain interesgarria egiten zuen faktore baten kontra egiten du: zintzo eta gaiztoen joko manikeoan ez sartzea; are gehiago, moralki makurrenak ziren horiekin lerratzea. House of the Dragon-en, esaterako Rhaenyra printzesaren osaba Daemon-en izaera errotik aldatzen da ataletik atalera, batetik bestera urteak igarotzen direlako; eta horrek ez du erotasun azaleko bat transmititzetik at askoz gehiago egiten. Bigarren denboraldian abiadura moteltzen den arren, aspektu interesgarri asko galtzen dira lehenengoan. Baina ni jada barkuan sartu naiz; hirugarrenaren zain!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei.Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.