Mozoilo irratian jaio ziren eta gaur beren kabuz hegal egiten dute erratzaren gainean, basoaren argi-ilunetaraino heldu eta bertan akelarrea egiteko. Ainara Garcia Goitiandia eta Libertad Daganzo dira Sorginkeria irratia egiten dutenak, eta beren burua feminista erradikal gisa definitzen duten sorginak. Normalean ez ditut gaztelaniazko saioak zutabe honetara ekartzen, baina honako honetan ezin izan dut saihestu tentaldian erortzea. Sare sozialetan euskaraz ere ari direla aitzakiatu ahalko nuke justifikatzeko, baina ez dut nire aukera makillatu nahi; ekarri dut hona ni ere sorgindu nautelako. Kitto!
Astero, edabe bereziak eta pertzadak txandakatzen dituzte podcast plataforma ezberdinetatik, baita sare sozialetan ere. Dibulgazio feminista egiten dutela diote, eta, beren hitzetan, «klase borroka, euskal kultura eta umorea» dituzte ardatz. Osasunarekin loturiko gaiak, indarkeria sexual eta matxisten ertzak, eta lerroburuetan dauden eta ikusezinak diren gaiak lantzen dituzte, ikuspegi feministatik. Batzuetan bien arteko solasaldian; besteetan, beste sorgin, meiga edo bruxek lagunduta. Azken denboraldian, pornoaz, prostituzioaren abolizioaz, Rubiales kasuaz edota Urdaibaiko Guggenheim berriaz aritu dira. Burbuila erradikala tartean, bestalde, Monica Alario Gavilan indarkeria sexualean eta pornografian adituaren kolaborazioa dute, eta hor ere ez diote muzin egin bustitzeari.
Irratia aukeratu dute, dibulgazio feministarako arma dela aitortuta. Izango da Ikasketa Feministak eta Generokoak EHUko masterrean horretaz hitz egiten dudalako, azken urteotan feminismotik gero eta saio gehiago sortzen ari direlako edo Abya Ayala eta Afrikako irrati komunitario asko emakumeen komunitateetatik jaioak direlako... Nik neuk ere uste dut karreran zehar irakasle batzuek femeninotzat jotzen zuten eta bigarren mailan jartzen zuten hedabidea bozgorailu feminista ere badela, podcasten eta tokiko irratien periferiatik bada ere. Hala ere, sukaldeko edo autoko pribatutasunean entzun arren, esparru publikoa da irratia, eta horretan oraindik bide luzea dago egiteke, bereziki ohiko dialetan.
Bitartean, enborraren gaineko aulkitik altxatuta, bi sorgin horiek entzuleak sorgintzen saiatuko dira hilaren 24an Bilborocken egingo duten zuzeneko emanaldian.