Iazko Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu zuten Hard Truths filma. Baina ekitaldia gertutik jarraitzen dugunok egun horietan bizi ohi dugun zurrunbiloak irentsita, ez nuen tarterik topatu film britainiar hori ikusteko; oharkabean, plangintzatik ihes egin zidan. Urtzi Urkizuk ikusi zuen, BERRIAren webgunean duzue bere kritika. Orain, Filmin plataformara iritsi denez, heldu diot azkenean.
Mike Leigh zinemagile britainiarra zinema sozial errealistaren ikur nagusietako bat da, eta bere lanak giza harremanak, eguneroko bizitza eta klase sozialen arteko tentsioak modu sinesgarri eta hunkigarrian aztertzeagatik dira ezagunak.
Hard Truths bere proposamen berria da eta eztanda egiteko zorian dagoen emakume baten istorioa aurkeztuko digu, Pansy (Marianne Jean-Baptiste); bere izaera bortitz, urduri eta gordinean bilatuko du babesa. Londresko aldirietan bizi den langile klaseko familia beltz bateko ama da eta amorruz ikusten du mundua. Min fisiko eta mentalez betea dago eta harreman guztiak haserrearen eta konfrontazioaren bidez gauzatzen ditu. Ikusleari barrea eragiten dioten esaldi garratzak eta zuzenak jaurtitzen ditu etengabe. Marianne Jean-Baptiste protagonistak, kontrolik gabeko urakan bat balitz bezala, maisuki islatzen ditu gorrotoa eta atsekabea. Filmak aurrera egin ahala ordea, gure irribarreak izoztu egingo dira apurka, bizitzaren zamak guztiz harrapatu duen emakume bati barre egiten ari gatzaiola konturatzean.
Leigh beti izan da trebea elkarrizketak idazten eta aktoreak zuzentzen, eta film honetan gaitasun horiek berretsi egiten ditu. Ez da akaso aurreko filmetan bezain sotila, egoera eta elkarrizketa ugari gehiegi azpimarratzen direlako, baina gidoia hain da fina eta antzezpen lanak hain sinesgarriak, ahultasunak ia inkontzienteki alboratu egiten baitira.
Zuzendaritza lanean ohiko estilo minimalistari eusten dio, eta Pansyren bizitza zeharkatzen duen monotonia sentsazioa indartzen duen eszenaratze soila erabiltzen du. Argazkilaritza naturalistak eta elkarrizketa inprobisatuak kontakizunaren egiazkotasuna indartzen dute.
Ez da Mike Leighen lanik onena, baina eguneroko bizitzaren monotonia, familia-harremanen konplexutasunak eta min fisiko eta emozionalak osasun mentalean dituen eraginak aztertzen dituen film oso nabarmena da.