Askotan, inkontzienteki, ontzat ematen dugu entzuten edo esaten dugun guztia. Armand filmak, ordea, gezurraren inguruko gogoeta proposatzen du: egiaren moldakortasunaz eta haurrei babes emateko dugun erantzukizunaz hitz egiten du.
Halfdan Ullmann Tondelen lehen filma da —Bergman eta Ullmannen biloba—. Emakume bat 6 urteko semearen eskolara doa, ustez mutikoak ikaskide batekin muga batzuk gainditu dituelako. Inork ez daki zehazki zer gertatu den, eta, horregatik, zuzendaritzak gurasoak deitzen ditu gaia eztabaidatzera. Hortik gatazka bizia pizten da, eta agerian geratzen dira haurren sexualitatea, erruduntasuna, eta indarkeriaren eta jolasaren arteko eremu gris konplexuak.
Zehaztasunez, jakinduriaz eta hautsak harrotzeko grinaz idatzitako elkarrizketa horien mugimenduetatik kritika zorrotz bat sortzen da: gizarte gisa haurrekiko dugun erantzukizunari buruzkoa. Bidean, Ullmann Tondelek errekurtso abstraktu eta neurrigabe batzuk erabiltzen ditu —dantza, imajinazioa eta musika uztartuz—, agian antzezpenak duen tentsioa baretzeko. Hala ere, nire ustez, baliabide horiek filmaren esanahietatik aldendu eta despistatu egiten dute ikuslea.
Aipatzekoa da, gainera, Renate Reinsveren antzezpena, Verdens verste menneske film arrakastatsuan ezagutzera eman zen aktore norvegiarrarena. Bere presentziak filmari indar berezi bat eransten dio, gatazka gehiago azeleratuz.
Eta bada filmean harrapatu nauen beste elementu bat: ustez ontzat jotzen dugun guztia ez dela beti egiaren ispilu garbia. Askotan, begirunez eta konfiantzaz ikusten ditugun horiek ere badituzte beren itzalak eta kontraesanak. Horregatik, ezin dugu entzuten dugun edo esaten diguten guztia sinetsi; beharrezkoa da zalantzan jartzea, galderak egitea eta egiaren hainbat aurpegi aztertzea. Haurrei buruzko gatazka honek iradokitzen du gizarte bezala ere galdera horiek egin behar ditugula; izan ere, ustez ontzat jotzen ditugun pertsonek ere, nahita edo nahi gabe, irudimena erabil dezakete egia kolore desberdinetan margotzeko.
Orokorrean, Armand filmak hausnarketa aberatsa eskaintzen du, haurrei ematen diegun babesaz, familia gatazkez eta hezkuntza sistemaz. Uste dut ikus-entzunezko esperientzia horrek elkarrizketa luzeak eta interesgarriak piztuko dizkizuela, eta horregatik gonbidatzen zaituztet zeuen kabuz Filmin plataforman bizitzera.