Lide Hernando.
Ikus-entzunezkoak

Egiaren ukapena

2024ko maiatzaren 7a
05:00
Entzun

Denon ahotan dagoen telesaila izaki, normala zen ni ere horren atzaparretan erortzea: Netflixeko El Caso Asunta lanaz ari naiz. Bambu ekoiztetxeko Ramon Camposek, espainiar estatua astindu zuen kasu honen inguruko dokumentala egin ostean, gai bera jorratzen duen sei ataleko fikziozko telesaila dakar. Gauza asko aipa daitezke istorio horren bueltan: Rosario Porto eta Alfonso Basterrak osatutako bikote bitxiak ezkutatzen zituen sekretuak; Asunta Basterraren hilketaren ikerketan hartutako erabaki okerrak; edota epaiketaren mediatizazioa, esaterako. Aktoreen lana ere ez nuke aipatu gabe utzi nahi: esango nuke Candela Peñaren lanik sakon eta muturrekoenaren aurrean gaudela; eta Tristan Ulloa ere, gorpuztu behar izan duen pertsonaia hermetiko horren paperean, ez zaio azpitik gelditzen. Aparteko aipamena ere Alicia Borracherori; bere lana bereziki naturala eta sinesgarria egin baitzait.

Hori guztia analizatu nezakeen arren, nahiago dut pauso bat atzera eman, eta telesailaren beraren markoari buruzko hausnarketa bat egin. Musikan revival-aren aparra bizitzen ari garen bezala, telesailen munduan true crime generoaren garaia bizitzen ari gara, bete-betean. Argi dago genero honek jendea erakartzeko osagai perfektuak dituela: benetako erailketen morboa, epaiketetako azpijokoak, salatuen profil psikologikoak… gauza batek, alta, ematen dit atentzioa beste ezerk baino gehiago: egiaren erabilerak. Bereziki bitxia baita telesail horrek eta gisako beste batzuek —The Staircase, People vs OJ Simpson, The Murders at White House Farm— uzten duten galdera: zer gertatu zen benetan?

Izan ere, hilketa baten bueltako fikzio baten aurrean, ikusleok ohituta gaude amaieran gertatu zenaren Egia —letra larriz— ezagutzera. True Crime-ek duten berezitasuna, ordea, da ez digutela inoiz gertatutakoa erakutsiko —aipamen berezia hor bosgarren kapituluko teorien sekuentziari, The Staircase-n ere erabiltzen dutena—, epaiketan froga batzuen aurrean ateratako ondorio partzialak baizik. Horrek, ezin uka, frustrazio txiki bat eragiten du fikzio ikusle gisa. Ez gaude baimenduta egia ezagutzera; beti geldituko zaigu duda. Eta dudarik gelditzen ez zaion horrek, azken finean, dituen baieztapenekin nahi izan duen istorioa eraiki du bere buruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.