gorka julio
IRLEN SAREA

Eguneroko gerrak

2022ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Hezkuntzaren beste arlo asko bezala, digitalizazioaren erronka dugu begi aurrean. Hezkuntza itunaren bueltan ari garela, erronka horri era egokian heltzeko garaia iritsi da.

Digitalizazioa une honetan pribatizaziorako bektore bihurtu da enpresa handien atzaparretan. Googlek eta Microsoftek aukera aniztasun faltsuaren artean aukeratzeko eskatzen digute, beste alternatiba erreal eta hobeei ateak itxiz, eta aukera berdintasuna ez eskuratzeko akordioak itxiz horiekin.

Datifikaziorako kanal berri eta indartsu bihurtu dituzte gure heziketa zentroak. Lehen eskuratu ezin zituzten kalitate handiko datuak eskuratzen dituzte orain. Gure komunikazio pertsonalak, ebaluazio eta kalifikazioak, lan pertsonalak, sentimentu adierazpenak... Hori guztia zaila da lortzea, eta lortzeaz gain, gurutzatzea ere lortzen dute orain.

Uniformizazio akritiko bat ere ematen ari da. Arlo pedagogikoan ez ezik, arlo teknikoan ere akritikotasun batekin onartzen ari gara, adibidez, Chrome OS eta Chromebook-ak sartzea gure geletan. Ordenagailu arrunt bat eta sistema eragile ezberdinak onartu baino, nahiago dugu mugatua dagoen gailu bat. Behintzat hori da leku askotan txertatzen ari den aukera; orain indartua edozein ordenagailutan ere Chrome OS (Flex) sistema jarri ahalko delarik. Horren aurrean zer egin? Egoeraren larritasunak jabetu eta aktibatu, lehenik. Teknologia burujabetza eskubide bezala aitortu, eta horretan sakondu behar dugula ulertu. Hezkuntza politika publikoetan eragin behar dugu horretarako, handien mailako alternatiba orokorrak sustatzen ditugun bitartean. Xnet-en Digital Democratic tresna, adibidez, eskolek behar dituzten tresna guztien aukera bikaina eskaintzen hasiko da, eta software librea du oinarri.

Hezkuntza Librezaleko lantaldeak euskal hezkuntzaren eraldaketarako oinarriak txostena zabaldu den honetan, bere iritzia ere eman du. Bertan esaten direnen artetik, paragrafo honek ederki laburtzen du eskatzen dituzten aldaketen zioa: «Ikasleen eskubide digitalak eta pribatutasuna errespetatuz eta bitarteko teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabiliz, digitalizazio etiko, arduratsu, eraginkor eta euskalduna bermatzeko aukera gisa».

Gerra horiek eguneroko gerrak dira, bizitza (hobeak) eta ez heriotza (krudela) jokoan jartzen dituzten horietakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.