Arantza Gutierrez Paz.

Ehun urte

2024ko urtarrilaren 28a
05:00
Entzun

Aurten beteko dira ehun urte irratiaren lehenengo emanaldi ofiziala inauguratu zela Espainian, eta urteurren horren harira aurreikusita daude zenbait ospakizun. Hala ere, 1924ko azaroaren 24ko Maria Sabater esatariak irratiaren adierazlea irakurri zuenerako, baziren emititzen zuten irrati batzuk, baita Hego Euskal Herrian ere.

Haririk gabekoak deituak ziren irratizaleek asmakizuna ezagutzera ematea zuten helburu, eta, horretarako, norberak bere aparatua muntatzeko azalpenak eskaintzen zituzten, baita lehenengo emanaldiak bultzatu ere. Ezin ezarri noiz izan zen lehenengoa; iturri batzuek 1919an kokatzen dituzte, baina ezin da ziurtatu data hori. Euskal Irratigintzaren Historia liburuan jaso nuenez, 1924ko maiatzean agertu zen Gaceta del Norte egunkarian Portugaleteko bandak eskainitako kontzertuaren emankizuna. Izan ere, Bizkaian eman ziren lehenengo irrati-emanaldi erregularrak, hasieran legez kanpo baziren ere, eta, zuzeneko musikaz gainera, dibulgazio-saioak eskaintzen ziren, euskarazko eskolak barne.

Frantzian, berriz, lehenengo irrati emanaldia 1921eko abenduaren 24an izan zen, Radio Tour Eiffel deiturikoaren eskutik. Bigarren Munduko Gerran gobernu kolaborazionistak irratia nazien aldeko propaganda-tresna gisa erabili zuela-eta, amaitzean, estatuak hartu zuen irrati-hedapenaren monopolioa eta kate pribatuak —periferikoak— mugetatik kanpo emititzera behartu zituen, 1982an irrati pribatuak legeztatzen zituen Fillioud Legea indarrean sartu arte. Aurreko urtean, berriz, tokiko elkarte-irratiak baimendu ziren, eta, horrekin batera, Ipar Euskal Herrian euskal irratiak sortu ziren.

Mende bat. Hala ere, irratiko eskolak berrartu ditudan aste honetan sumatu dut kontsumo-era aldatu dela. Ikasleekin, lehenengo gurpil batean; batzuek etxekoa kontsumitzen dutela aitortzeaz gainera, gehienek podcast bati edo besteari jarraitzen diotela aitortu zidaten. Ez ninduen ustekabean harrapatu; bai, ordea, noren saioak aditzen dituzten ezagutzeak. Ez dira lataturiko irratsaioak, ezta hedabideek eskainitako jatorrizkoak ere, baizik eta telesaio edo telesailetako aktoreek edo sare sozialetan ezagunak diren influencer direlakoek egiten dituztenak. Beste batzuek, aldiz, haien intereseko gaiak (psikologia, gizarte-arazoak...) ukitzen dituzten solasaldiak. Musika, ordea, haiek programatzen dute beren gailuetan... Ziur nago, horretara ere egokituko dela, ehun urte barru ikusiko ez dugun arren.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.