La Nueve deitura erabiltzen duen Anonymous taldea El Corte Ingles enpresaren kontuetara sartu da, eta argitara eman ditu. Bertan agertzen diren gastuen artean hedabideei eta kazetariei egindako ordainketak gelditu dira agerian. Ez da talde horrek enpresa handiei —beren hitzetan, «zapaltzaileak»— erasotzen dien lehen aldia, baina oraingoan datu sensibleetarako atzipena lortu dute. Normalean salaketa kanpainak edota zerbitzuak botatzera bideratutako ekintzak egin izan dituzten arren, oraingoan akats bat aprobetxatuz enpresaren datu baseetarako atzipena lortu dute.
Nola egin duten jakiteko, http://la9deanon.tumblr.com/post/138719802009/ webgunea bisita daiteke. Teknikoki gehiegi jakin gabe ere, kuriositatea duenak ikusteko aukera du zein bide eta zein pentsaera darabilen hacktibista taldeak.
Edozein sistema informatikok izan ditzake segurtasun akatsak. Sistemak akatsak izatea ez da hain arraroa, nahiz eta askori oraindik harrigarri egiten zaion.
Hedapena lortzeko Filtrala.orgtresna erabili dute (https://filtrala.org/cuentas-corteingles/). Anonimotasuna ziurtatzen duen eta zenbait hedabideren kolaborazioa duen postontzi anonimoa. Filtrazioren bat egin nahi duen edonoren esku dagoen web zerbitzua da.
Informazioa bere horretan igotzeaz gain, datuen artean bilaketak egiteko bilatzaile bat eskaintzen du webguneak. Bertan parte hartzen duten hedabideek —La Marea, Diagonal, La Directa, Mongolia, El Critic eta Eldiario.es— iristen den informazioa aztertu eta hedatzeko konpromisoa hartu dute.
Era honetako ekimenak bateratzeko, AWP The Associated Whistleblowing Press (https://awp.is/) sarea dago. Gurean filtrazioak egon badaude, baina ez dago era antolaturik oraindik horiei forma eman, anonimotasuna ziurtatu eta gutxieneko hedapenbat emateko.
Gure inguruko komunikabiderik ez dago sare horretan. Ez al ditugu era honetako ekimenak behar? Kasu honekin oso argi ikusi da egiak zenbait etsai dituen. Beren baloreak defendatu beharko lituzketen kazetari batzuek ere uko egin diote beren helburu sozialari. Tresna horiek erabiltzen dituzten herritarren eta kazetarien arteko aliantza berriek bakarrik argitu dezakete berriro egiaren bidea.

IRLEN SAREA
El Corte Ingles erasana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu