Argentinarrei ez zaie hala irudituko, baina Iberiar penintsulan bizi garenoi behintzat, hizkuntza hegemonikoan perfect timing deritzonarekin heldu zaigu haien El Eternauta telesaila Netflix plataformara. Izan ere, ekoizpen horren lehen eszena ikusi besterik ez dago, aste berean gertatutako itzalaldi sasi-apokaliptikoa bizi izanaren kointzidentziarekin odola izozten sentitzeko: neska hirukote bat gauez belaontzi batean dagoen bitartean, atzean duten Buenos Airesko eraikin lerroa itzaltzen doa apurka-apurka, erabateko iluntasunean gelditu arte.
Kasualitate hauek kitzikatzen zaituztenontzat, ordea, berri txar bat dut: El Eternautaren istorioa ez da berria. 1957. urtean Hector German Oesterheldek eta Francisco Solano Lopezek lau eskutara egindako nobela grafiko batean oinarritutako telesaila da, eta herrialdeak dituen kultur altxor nazional horietako bat omen da. Bruno Stagnaro zuzendariak egin arte ez omen du beste inork lortu —edo ez da ausartu— berau ikus-entzunezkora eramatea; hainbat zinemagile saiatu diren arren, Alex de la Iglesia tartean.
Kontuak kontu, nobela grafikoa telesail bihurtu dute, sei ataletan banatuta ikus daitekeena eta protagonista gisa Argentinako beste kultur altxor nazional bat duena: Ricardo Darin. El Eternauta-ren tramak bat-bateko itzalaldi energetiko baten osteko fenomeno ulertezin bat kontatzen du: jendea kontaktuarekin hiltzen duen elur jasa amaigabe bat. Elurrak ukitu ez dituen horiek bizirauteko ahaleginak egingo dituzte, eta horrek, noski, giza esperientzia muturrera eramango duten jokaerak ekarriko ditu: funtsean, alde batean gainontzekoak kosta ahala kosta, are norberaren kalterako, lagundu nahi dituena egongo da; eta bestean, berekoikeria basatienean erortzen dena.
Gazteleraz izanagatik, tarteka elkarrizketak ulertzea kosta egiten da; eta ez dakit argentinar dialekto oso itxi batean egiten dutelako den, ala soinu nahasketa apur bat kaxkar gelditu zaielako. Hala ere, lan txukuna egin dutela esan behar da: ikuslea harrituko duten gertakariak geruzaz geruza joango dira azalduz, karta guztiak batera erakutsi gabe. Zientzia-fikzio, drama, akzio eta beldur dosi neurtuak topatuko ditugu ekoizpen honetan; kasik elur hiltzaile baten fenomeno irrigarria sinesgarri egiteraino.