EKOGRAFIAK

Emakume kazetariak

Amaia Garcia.
2022ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Kolonbiako bidaian zehar askotan galdetu didate nire lanbideagatik. Hegazkinetik jaistean, migrazioko kontrola pasatzean, izan zen lehena. Galdera hori egin didatenean erantzuna emateko asko pentsatu behar izan dut askotan. Iruzurtiaren sindromeak nire barruan kalte handia egin dit horren inguruan. Kazetaritza ikasi nuen, hainbat hedabiderekin kolaborazioak egin ditut azken urteetan, baina sostengu ekonomikoa ematen didan lanak kazetaritzarekin zerikusirik ez izateak kazetari ez sentitzea eragin dit. Azken hilabeteetan, iruzurtia alde batera utzi dut, eta bidaian pasatu ditudan kontroletan nire lanbidea galdetu didatenean argi erantzun dut: kazetaria.

Latinoamerikako eremu askotan kazetariek arrisku handia dute. Esaterako, azken hilabeteetan Mexikotik datozen albisteak kazetarien hilketekin zerikusia dute. Zutabe hau idazten hasi baino lehenago, Al Jazeerako Shireen Abu-Akleh kazetariaren hilketa ikusi dut. Kazetarien hilketak demokraziari eta egiari egiten zaizkien urraketa larrienak dira. Israelgo armadak argi ikusi du Shireen Abu-Aklehren prentsa identifikazioa, eta horrek ez du bere tiroa geldiarazi.

Kazetariek jasandako biolentzia forma askotakoa izan daiteke. Esan dudan bezala, hilketa da larriena. Baina, emakume izateagatik, bestelako biolentziak jasan dituzte kazetari ugarik. Azkenaldian, Patrick Poivre d'Arvor kazetariak egindako bortxaketen eta sexu erasoen berri eman da.PPDAk biolentzia hori ukatu egin du, eta egoera salatu duten emakumeen aurka jarri da. Emakume horietatik, asko kazetariak dira.

Kasu horren inguruan toki gutxitan aurkitu dut informazioa. Hedabide frantsesetan jarraipena izan da. Euskal Herrian, BERRIAn eta Euskadi Irratian jaso dugu informazioa euskaraz. Beste hedabideetan isiltasunarekin egin dut topo. Badaezpada, Google bilatzailean «Patrick Poivre d'Arvor» jarri dut, eta albisteen atalera joan naiz. Mediapart frantsesezko hedabideak egin duen saio bereziaren inguruan ez dago ezer gazteleraz. Eskandalu horrek ez du behar lukeenaren adinako harrabotsa sortu. Horregatik, emakume kazetariei eskaini nahi diet gaurko zutabe hau, haien lana goraipatzeko eta bizi dituzten biolentziak agerian uzteak duen garrantzia azpimarratzeko. Zuekin nago!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.