Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Emakumeen ahotsa

2025eko maiatzaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Asteartean, hilak 6, munduko bost kontinentetako 140 estatutan zehar boluntario taldeek emakumeak hedabideetan nola agertzen garen neurtu genuen, mundu mailan egiten den monitoreo proiektu erraldoiaren barruan. 30 urte bete dituen Global Media Monitoring Project deitzen da, eta bost urtean behin egiten da, oso gutxik ezagutzen duten eta sekretupean mantentzen den data batean. Aste honetakoan, EHUko ikertzaile talde batek parte hartu du bigarren aldiz, euskal hedabideetan emakumeen presentzia aztertuz. Orain jasotako datuak kodetu eta hilabete batzuk barru ezagutuko ditugu emaitzak, baina aurreratu ahal dugu, lehenengo inpresio batean, emaitzek agerian utziko dutela berriz ere albisteen subjektuak nagusiki gizonezkoak direla.

Ezin ukatu euskal irratietan gero eta emakume gehiagoren ahotsak entzuten direla, baina oraindik ere parekotasunetik urruti gaude, bereziki adituen hitzak jasotzeko orduan. 2016an ikerketa taldetik emakumeek EITBko bi kate orokorretako solasaldietan emakumeek zuten presentzia neurtzen hasi ginenetik aurrerapenak eman badira ere, oraindik ere gizonezkoen parte-hartzea nabarmen handiagoa da gaurkotasun politikoarekin loturiko gaietan. Erantzukizuna ez da, nire ustez, irratietako profesionalena soilik, eta azken boladan sentsazioa dut gero eta gizonezko gehiago daudela alderdi eta eragile politiko eta sozialetako bozeramailetza lanetan.

Hala ere, irrati-tertulietan emakumeen parte-hartzeak ez du ekarri berez errealitateari ikuspegi feministatik begiratzea, ezta iritzia merezi duten edo hizpide diren eztabaida-gaietan edo agendan eragitea, tarteka femeninoarekin loturiko gizarte-gaiak maskulinoarekin identifikaturiko debate politikoan sartzea lortu den arren. Nabarmendu nahi dut, bestalde, Radio Euskadiko goizeko albistegi nagusian izan den aldaketa Eider Hurtadok gidaritza hartu zuenetik, adibidez, indarkeria matxistarekin loturiko albisteak testuinguruan jartzeko orduan, bereziki zalantzan jartzen duten ahotsen aurrean. Dena den, Buffé Libre-n eta, horren aurretik, imitatzaile baten eskutik agertzen ziren pertsonaien elkarrizketan, gizon-begiradak ezartzen ditu egunerokotasunari.

Inpostorearen sindromea, bizitzak bateragarriak egiteko arazoak, ikusezintasuna, editoreen ezezagutza… asko dira gure irrati programazioetan emakumeen ahotsak oraindik urriak izateko aitzakiak, baina gero eta ozenago entzuten dira, gaituzte.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.