Batzuetan, harrigarria da, begirada zorroztuz gero, ordubetera iristen ez den albistegian aurkitu litekeen kontraesan kopurua. Aurkikuntza horiek ez dira era ordenatu eta kronologikoan iristen. Demagun, ekainaren 30eko ETBko albistegiari begira zaudela. Eta albistegiko minutuak aurrera, Irungo San Martzial eguneko jaiaren berri ematen ari direla. Ohartuko zara, alarde tradizionala deritzona mistoa deritzona baino lehen kaleratu ohi den arren, ordena itzuliko dutela albistegietako langileek. Ulergarri zaizu, betiko leloaren betiko leloa izenda genezakeen auzian, oraindik ere albiste delako normaltasunik eza. Hori eta zenbait arduradunen bateko presentzia eta besteko absentzia. Harrituko zara, ordea, beste bide batzuetatik jakin baituzu, gutxienez aipatzeko moduko gertakaria aipatu ere ez dutela egingo. Enkoadraketak enkoadraketa, ikusi duzun argazkian, Batzokiko lehen solairuko balkoiko kideek bizkarra ematen diote aurretik igarotzen ari den alarde parekideari. Aipamenik eza, ahalik eta zentzurik zabalenean esanda, ez zaizu ulergarri egiten. Modu asko egon litezke horretarako. Egin zenezake bertako arduradunei gaiaren inguruan galdetzeko ahalegina. Izan dituzu mikroaren eta kameraren aurrean Emakundeko zuzendaria, Gipuzkoako ahaldunorde nagusi eta alarde bietako protagonista nagusiak. Edo, hurrengo edozein egunetan, alderdiko arduradun horietako bati beti betikoak galdetzeko mikroa aurrean jartzean, egin zenezake ahalegin hori. Edo albistegi hasieran, bezperan ETB2n soilik egindako elkarrizketa dela eta —horren irakurketa beste baterako utziko dugu—, azaldu den lehendakariari konpondu gabe dagoen auziari buruz galdetu ere egin ez zeniola koadernoan apuntatu, eta hurrengoan galdera egiteko konpromisoa har zenezake. Honela, adibidez, beste ekimen batzuekin egiten duzun bezala, prest al zaude datorren urtean Irunera joan eta alarde parekidea babesteko?
Bestela, kontraesanezko kutsua hartzen du albistegiak. Irungoa baino lehen, Iruñera begira jarri baitziren. Joseba Asiron alkateak jaien benetako errealitatea aurkezteko eta eraso matxisten aurrean hedabideei inplikazioa eskatzeko egindako ekitaldiaren berri eman zuten. Ezin dugu ahaztu, EITBk berdintasun printzipioak sustatzea helburu duela.

EKOGRAFIAK
Enkoadraketatik kanpo ere ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu