Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Ereiten

2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Duela urtebete Daniel|a| euskarazko fikzioaren berri izan genuen. Websail formatuan iritsi zen Gaztearen Youtubeko kanalera. Bere bizitzan aldaketa ugari egon ostean etxera bueltan zegoen gaztea zen. Daniela bezala joan zen etxetik eta Daniel bezala itzuli zen. Websail ausarta eta interesgarria aurkeztu zuten Gazteako kanalerako, eta bide berri baten hasiera zela sinetsi genuen.

Ostiralean, Seriesland jaialdian Daniel|a| -k irabazi zuen euskal websailik onenaren saria. Sari hori ez zen bakarra izan, websaileko Gabriel Ocina aktorea ere saritu zutelako. Sari horiez irakurri dudanean, zalantza bat etorri zait burura: Zenbat euskal websail ikusi ditut aurten? Hemen idazten hasi nintzenetik Daniel|a|bakarra izan dela esan dezaket. Aitortu behar dut ez ditudala websail asko bilatu, eta Seriesland jaialdiaren programazioan euskal eduki gutxi aurki ditut.

Daniel|a|-ren estreinaldiaren ondorioz, EITBk horrelako proiektu gehiago sustatuko zituela pentsatu nuen, baina urtebete pasatu ostean, berritasunen zain gaude oraindik. Uste dut Gazteako Youtubeko kanala bide ona dela horrelako proiektuetarako. Kanal horretan irratiaren edukiak aurkitzeaz gain, Yoko Ona podcastaren bideoak edota Zulora bezalako saioak aurki ditzakegu. Websailak sortzaile berrientzat eta ez hain berrientzat aukera aparta izaten dira. Iraupen gutxiko kapituluak izan daitezke, eta sortzaileek beraien ideiak aurrera eramateko aukera oso ona da. Horrelako sorkuntzek toki gutxi dute gure egunerokoan, baina gazteek beraien intereseko gaiak aurkitzen dituzte horrelako formatuetan.

Gaur egun oso ezagunak dira Victoria Martin eta Carolina Iglesias komediagileak. Válidas websaila egin zuten, eta inork ez zuen haien edukia erosi nahi izan. Azkenean, Youtuben jarri zuten, eta biek sortutako Estirando el chicle podcast arrakastatsua Madrilgo Wizink Center aretoa betetzea iritsi da.

Euskal fikziorako bultzada interesgarria izango litzateke websail gehiago ekoiztea. Horretarako baliabideak jarri behar dira; erakunde publikoetatik etorriko balira, askoz hobeto. Euskal gazteria ikus-entzunezkoen industrian ikusi nahi badugu, gazteen intereseko edukietatik hasi beharko dugu etorkizun ona ereiteko. Daniel|a|hazi oso ona izan zen. Goazen beste batzuen bila!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.