Telebista ikustea atsegin dutenek ondo dakite hasiberri duguna urteko asterik berezienetakoa dela. Amildegiari so egitea bezalakoa da abenduaren 21aren aurreko astea. Urteko azken telebista aste txatxia da —horrelakorik posible baldin bada—. Ondorengo egunetan eta urtea amaitu bitartean, hau da, hamar egunez, telebistaren kalitateak amildegiaren maldan behera egiten du. Zergatik? Gabon usaina besterik ez dariolako pantailaren bestaldetik ageri den orori. Jasaezina bilakatzen da zorionaren aitzakian ikasbide erlijiosoak hedatu besterik egiten ez dituen telebistak. Familiak hartzen du saioen zentralitatea: familiak elkarrekin ikusteko formatoak ematen dituzte, eta telebistak erreproduzitu ere egiten du familiaren eredua. Noski, oinarri normatiboen gainean eraikitako familiak dira. Elkarrekin egotea eta elkarrekin barre egitea eta gozatzea da helburua. Gure etxeetako aulki hutsen tamaina inoiz baino handiagoa den garaian, absentziaren kudeaketak ez dauka tarte telebisiborik.
Arte katearen alor frantsesak ariketa didaktikoa egin du, eta haurrentzat sailkatu duten arren, edonork ikusi beharreko erlijio saioa estreinatu du. 10-15 minutu irauten dituzten piezek osatzen dute ¡Divino! saioaren denboraldia, eta bakoitza munduko erlijio nagusi baten inguruko monografikoa da. Haurrek egiten dituzte galderak, eta nagusiek modu ulergarrian erantzuten dituzte. Naturaltasunik gabeko saioa den arren, islatu nahi duena naturaltasunez liseritzeko aukera ematen du. Arina da, eta oinarrizko informazioa eskaintzen du. Ez dugu gezurrik esango: Euskal Herria non dagoen ez dakite saioko egileek. Kateak iaz martxan jarri zuen nahieran plataformari esker, nahi beste aldiz ikus daiteke, eta hegoaldekoontzat hizkuntza ez da aitzakia. Ezkorki kritikatu daiteke formatua, ez baitu neutraltasunez jokatzen, ezta pareko mira eskaintzen erlijio bakoitzari. Hiru besterik ez ditu aipatzen saioak: kristautasuna, islama eta budismoa. Haatik, alde baikorra ere badu, eta kritika egiteko aukera ikusleari eskaintzen zaiola da. Are gehiago haurren eta helduen kuriositatea elikatzeko formatoa da. Berebiziko garrantzia du egiten dutena, izan ere, ikusle aktiboa izateko aukera ematen du saioak. Oro har, hain justu erlijioa omentzen duten Gabonetan ikusleoi ematen ez zaigun aukera.

EKOGRAFIAK
Erlijioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu