Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Esentzia

2017ko uztailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Jakingo duzunez, Goiena telebistako Kulturrizketak saioari eman diote aurtengo Rikardo Arregi kazetaritza sari nagusia. Bejondeiola, beraz, lan talde guztiari. Egitasmoa anbizio handikoa iruditu zitzaidan lehenengoz ikusi nuenean. Ikusi izan ditut lehenago bi kulturgile elkarrizketan, batek galdetu, besteak erantzun eta hari mutur desberdinei tira eginez solasaldi ederrak sortuz. Ia sorkuntza lanetan ari direnean bezain fin eta eder. Ordea, horrelako saio bat ez da ohikoa telebistan, ordutegi ustez baliotsuenean. Are gutxiago, gonbidatuak protagonista dituen egunerokotasunari lotutako aitzakiaren bat —aurkezpen, estreinaldi edo beste— tarteko ez bada. Sortzailearen eta sorkuntzaren ertzak hizpide hartu, aldiro desberdinak eta hizlariek hautatuak, eta bizimodu eta jardun batzuk ikus-entzuleari gerturatu eta gogoetaren esparrura ekartzeko borondatea eta ausardia izatea eskertzekoa da oso. Bereziki, horretarako baliabideak mugatu xamarrak dituenak egindakoa baldin bada. Gainontzeko kate askotan ordu txikietan edo desorduetan kulturaren bila ibiliz nekatu eta desesperatu izan denari oparia iruditzen zaio. Nik baino finago azaltzen ditu horiek ere Harkaitz Canok saria jasotzean irakurtzeko ondu zuen testuan; eman begiratu bat aukerarik izanez gero.

Saria jaso ondorenekoek ere arreta eman didate. Zabaldu denez, saioan parte hartu duten gonbidatuei haien parte hartzea eskertzeko opari polit askoa egin diete Goienakoek. Hori gutxi ez, eta haien webgunean eskertza egiteko albistea eta bideoa jarri zituzten, saio berezia prestatzeaz gain. Detaile txiki horiek saioaren beraren esentzia azaltzeko balio dutela iruditzen zait. Kulturari bere lekua emateko ahalegina egiteaz gain, sortzaileei haien partea onartu eta eskertzen diela, alegia. Ez da ikasgai txarra lanerako eta elkarlanerako filosofia bezala.

Pentsatzekoa da saria eta aitortza jaso izana emanaldiarekin aurrera jarraitzeko bultzadatxoa izan dela Goiena telebistako kideentzat. Ikus-entzuleontzat ere, beste modu batean bada ere,itxaropena mantentzeko eta hurrengo denboraldian kolore eta esparru gehiagotan ari diren protagonisten arteko solasaldiak jarraitzeko motiboa da. Kultura errespetatua izan dadin lanean jarraitu eta, bien bitartean, halako pilula interesgarriekin gozatzekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.