gorka julio
IRLEN SAREA

eSIMa

2023ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Ezagutu ditugun SIMek, plastikozko txipdun txartel horiek, funtsezko informazioa dute telefono sareetara konektatzeko. Hala nola, gure sakelako telefonoaren zenbakia, deiak eta testu-mezuak egin eta jasotzeko eta datuak erabiltzeko informazio dute. Aspalditik entzuten da txartel horiek eSIMengatik ordezkatuak izango direla, eta orain arte horrela izan ez bada ere, gero eta ohikoagoa izango da. SIM txartelak ez bezala, gailuaren barne dagoen txip txiki bat da eSIM txartela. Ezin da kendu eta beste telefono batean jarri, ohiko SIMekin egiten den bezala. Horrek esan nahi du zure SIMa atera gabe alda dezakezula sarea edo operadore mugikorra. Operadore berriaren datuekin birprogramatu besterik ez duzu egin behar.

Horrek sareen aldaketa errazten du, SIMa eskatu beharrean, eta iritsi arte itxaron beharrean, konexioa ia berehalakoa da. Beste sare batera aldatzeko aukera ematen du: erabilgarria da zure ohiko sareko seinalerik gabeko eremu batean bazaude, oporretan edo bidaietan tokiko sare bat erabiltzeko edo une bakoitzean tarifa hoberena eskaintzen dizun sarea aukeratzeko; adibidez, datuetarako eta deietarako sare ezberdinak erabiliz.

Desabantailak ere baditu: ez du laguntzen gailuak azkar aldatzen. Zure telefonoak funtzionatzen ez baldin badu, SIMa erraz atera eta beste telefono batean jar dezakezu, zure zenbakia eta harremanetarako informazioa gordeta. Hori konplexuagoa da eSIM batekin: hodeian informazioa eta kontaktuak gordetzea telefono batetik bestera datuak transferitzeko diseinatuta dagoen arren, txartel mota hori ezin da gailu batetik kendu. Baina hori ere abantaila izan daiteke: lapurtuz gero ezin baitute erraz ezkutatu lapurtutako telefono baten kokapena.

Asko kostatu da estandar bat finkatzea, eta oraindik ere ez dago guztiz argi nola zabalduko den teknologia. Soilik gama altuko telefonoetan aurki daiteke oraindik.

Interes asko daude jokoan eta operadore handiek SIMak eskaini dien bezeroak lotzeko aukera galtzeko beldurra izan dute. Denek adostu artean, ez da gehiegi zabalduko eta ordurako dena lotua izango dute orain ere operadore alternatiboak, etikoagagoak edo gertuagokoak zail izateko. Hori bai, gero eta gailu txikiagoetan konektibitatea erraztu dezakeen asmakizuna izango da. Probatzeko aukera izan dut eta badabil. Ea zein garapen duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.