Ai, ETB: Berorren Maiestate Erregearen Gabonetako mezua eman ez, eta, hori gutxi balitz, El ocaso de un rey dokumentala jartzen digute ostegun gauez. Rojo-separatistas, hombre. Gaixo erregea, hainbeste aldaka ebakuntza, hainbeste inputazio. Beste amaiera bat merezi du gizonak, urte luzez aberriagatik egindako zerbitzu guztiengatik —zerbitzu konpletoak batzuetan, eskopeta garbitzeak besteetan—. Kasu, gillotina hitza zuei bururatu zaizue.
Eta ETBri txalo egitea beste erremediorik ez dut: Frantziako Canal+ kateak osatu eta azaro partean eman zuen lana ikusteko aukera eskaini digulako. Espainiako Estatuan lehen aldiz, eta, katalanak ez badira animatzen behintzat, seguru azken aldiz. Bertan kontatzen direnak ez baitira samur-samurrak ere: Espainiako WWFko presidente zen erregearen luxuzko safariak —45.000 euroren truke astea—; Francok erregeari egindako bahiketa, doktrinamendua, emandako babesa —anaia tiroz hil zuenean, adibidez—, oinordekotza; 81eko estatu kolpean izan zuen zalantzazko papera, baina ondoren salbatzaile bilakatzeko lortu zen kontsentsua; Espainiako haurrekin erabiltzen den estatu propaganda, Erregea super-heroi gisa aurkeztuz —eta gero esaten dute D ereduaz—; Corinna, erregearen lagunesa misteriotsua; sasiko seme bat, erregearen antz handia duena —semearen desgraziarako—, epaileak aitatasun froga ukatu diona erregearen figura bortxaezina dela argudiatuta —bortxatzailea izan daitekeen argitzen ez duen bitartean—; 100.000.000 euro inguru lapurtzen dizkigula urtean errege etxeak; suhiak —euskalduna bera— 8 milioi euro hartu dituela diru publikotik. Bref: gauza berririk ez gurean, gauza jakinak denak —edo ia denak—, baina denak elkarrekin eta telebista publiko batean jarrita, bestelako bolada bat hartzen dutenak.Aski ongi erakusten digutela, alegia, nolakoa den Espainia erreala.
Erregearen abdikazioa planteatzen da une batean. Auskalo bere aurrekoak agintean eman zituen ia 40 urteak gainditu nahi dituen. Irudi bezala polita litzateke espainiarren kontakizunarentzat: demokraziak irabazi dio diktadurari, edo halako zerbait. Niri, ordea, ez dit egiten bereziki tilin. Interesgarriago zait dokumentalak erakusten duen beste hau: monarkiak ere hilkorrak direla. Eta herritarren eskuetan dagoela, neurri batean, horiekin akabatzea.

Komunikazioa. Ekografiak
Espainia erreala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu