Badut lagun bat, iaz zoriontsu zena igande gauetan. Izozki poto erraldoia hustuz El conquistador del fin del mundo saioari begira sentitzen zen hala. Urrun da aurten. Ez dakit jarraitzen ote duen erritualarekin. Hizketaldi bat izan nahi nuke harekin. Denboraldi berriko lehen bi atalak ikusita, une gozo bakarrak izozkiarenak izango zaizkiola uste dut eta.
Telebistak eta bereziki reality show-ek ikuskizuna behar dute ezinbestean. Arau hori aintzat hartuta, ETB2ko saioaren denboraldi berria indartsu hasi dela esan genezake. Imajinatzen dut, ikusle datuak alde dauzkala. Erakarri egin duela jendea. Ni beldurtu egin nau. Normalean, formatu horretako emanaldietan, parte-hartzaileek eragiten didate ezinegona. Auzo lotsa sentitu izan dut haiei begira. Ez ditut haien kodeak partekatzen. Ez ditut ulertzen. Izaera kontua izan ohi da haiekiko nire jarrera. 2011n hasi berri den edizioan, antolakuntzak utzi nau jokoz kanpo, zeharka ala zuzenean.
Lehen atalean hasi nintzen muturra okertzen. Hain zuzen, saioaren antolakuntzak hiru taldeetatik bi gidatzeko izendatutako pertsonen jarrerak ikustean. Ezagunak dira biak ala biak: Jose Luis Korta eta Juanito Oiartzabal. Argi utzi digute zenbateraino diren gai errespetua galdu eta haien akatsak ez onartzeko, giro txarra sortzeko eta besteon gainetik daudela sinesteko. Hori ez da haien jarrerak sortutako arazoa soilik. Eman egin zaie hala jokatzeko eskubidea eta zilegitasuna. Antolakuntzak eta ikus-entzuleek eman diegu. Eta ETB bezalako etxe bati, ezin zaio halakorik onartu. Isiltasuna mantenduko ote genuke ondoren azalduko ditudanak lehiakide batek egingo balitu?
Kortak, esaterako, ezagutzen ez duen parte-hartzaile bati, eztabaida baten erdian, «beltza» deitu zion. Hark aurre egin. Berak onartu ez, eta aitzakia merkeak jarriz bere burua gorde. Hurrengo orduetan, galtzaile txarra dela ezkutatu ezinaren ezintasunez, umetik eta erotik gehiegi duela erakutsi zuen tontakeriak esan eta eginez. Oiartzabalek, esaterako, sahararra dela esan zion taldekide bati marokoar deitu zion. Hark ere aurre egin, eta kapitainak berak agintzen duela adierazi zion. Berak marrokiarra zela uste bazuen, hala izango zela iradokiz. Jarraian, aurkarien talde bat antzarrak ferratzera bidali zuen, ez hain era sotilean.
Laster, jokoa eskuetatik joango zaielakoan nago.
Ekografiak
Eta errespetua?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu