Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

ETB, txorizoa eta 'Robin Food'

2015eko urriaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Haragi prozesatuak minbizia eragiten duten gaien artean sartu ditu OMEk, hain justu Robin Food-ek ETBra buelta egin zuen egunean. Haragi prozesatua, Robin Food eta ETBra buelta egitea, tontakeria pertsonalek abiatuta, nahiko kuriosoa egiten zaidan hirutasuna da.

Batetik, Iruñerrian ETBko lau kateak ikusteko aukera daukate, gure telebistako langile ohia den Uxue Barkosengobernuak UPNk egin nahi ez zuena egin duelako —ieup!—. Beraz, ETBra buelta egin dute eta Nafarroan txorizo propioa dute: Pamplona txorizoa. Bestetik, hainbat urte atzera, Robin Food-ek ETBn denboraldi berria aurkeztu behar zuela eta, gure telebistako albistegietarako berri ematea egokitu zitzaidan, eta David de Jorgek porroia eta txorizoa oparitu zizkidan. Eta bai, konturatu naiz Palacios dela nire abizena, txorizo marka bezala, eta hementxe ari natzaizuela ETBri buruz hitz egiten. Beraz, haragi prozesatuak, Robin Food eta ETBra itzultzea errazki lotu ditzaket.

Robin Food-en guarrindongada klasiko eta kuttunetako bat txokolate-txorizo tandema da. Indarrak berritzeko formula gastronomiko arriskatua da hori, zalantzarik gabe, baina zer da David de Jorge, ez bada kuriositatea sorrarazten duen ohiz kanpoko artista gastronomiko bat? Hain zuzen, marka propioaren zigilu da kuriositate eragite hori, alegia, komunikaziorako duen ahalmena. Espainiako telebista batean ibili ondoren, zalantza egiten dut ez ote den modu euskaldunegia duena; hau da, itxurakeriari jaramonik egiten ez dion zintzotasun alaia. Bere esentziari fidel baina arras gustatu zaizkidan aldaketekin bueltatu da Robin Food; orain grabazio eremua garbiagoa da, argitsuagoa, eta kolore apalagoak dira nagusi, irudian janariari are protagonismo handiagoa ematen dioten ezaugarriak. Bestalde, kamera mugimendu eta planoak oso dinamikoak dira —hanka sartzeak badira tarteko errazki integratzen dira dinamika bisualean eta koherentzia naturaltasunak ematen du— eta askotarikoak: kontrapikatuak, plano itxiak—aurrez aurre zein aldeetatik—, ertainak eta orokorrak. Grafismoa beti bezain deigarri, zaindu eta txukuna. Atalak gastronomi entsalada dira: janaria ez ezik haren ingurukoak jorratzen dituzte. Ikusle datu apala izan du saioak; aurrerantzean zintzoki espero dut zerbait zigortzekotan gure praken botoiak izan daitezela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.