Aritz Galarraga.
EKOGRAFIAK

Ez bakarrik Espainiatik

2015eko irailaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ditxosozko reality horiekin bukatzeko, bestela pentsatu duzue maite ditugula eta: abian da Gran Hermano 16. Pentsatu orain berau ikusten duten gazteek, hamahiru, hamalau, hamabost urtekoek, ez dutela besterik ezagutu. Mikroipuin gisara esanda: jaio zirenean Gran Hermano bertan zegoen. Besterik da gazte belaunaldi hori errekuperagarria ote den. Notizia batek eman dit atentzioa, ordea: Katalunia independente bilakatzen bada katalanak ezin izango dira Gran hermano-n sartu. El Mundo Today-ren notizia bat zen, egia, baina errealitatea beti da gogorragoa. Ines Arrimadas Ciutadanseko hautagaiak esan zuen: Katalunia independente bilakatzen bada, Espainiatik aterako da. Ze pena ezin dudala botoa eman Kataluniako bozetan. Beste notizia bat: Han izeneko morroiak gay dela aitortu du—pentsa, ia hiru milioi apaizen aurrean—. Eta, ez hori bakarrik, aitortu du Aritz gustatzen zaiola. Kontxo, eta zergatik ez dit zuzenean esan? Ez, baina Aritz hori ez naiz neroni —domaia—, Santurtziko gazte bat omen, Angel Errok maneiatzen duen informazioaren arabera, «telebistarik ez duena eta, gu guztiok bezala, Anaia Handia sekulan ikusi ez duena». Hanen deklarazioa, goitik behera da ikus-entzutekoa:—«Neskalaguna duzu?».-«Ez, gay naiz».—«Gay zara, ze guai! Ez dut gay txinatarrik ezagutzen. Tira, egia esan ez dut txinatar askorik ezagutzen. Txinan posible da gay izan?».—«Ez dut esaten». — «Espainia oso irekia da. Kanariar Irletan merkatal gune bat dugu, soilik gay-entzat».—«Jainko maitea! Kanariar Irletara joan nahi dut». Eta dena ingeles moduko batean.-«Lagun gay asko dituzu?». —«Yes, very. You go be my new toti». Eta toti uste dut ez dela ingelesa, ez Martinez de Lezea. Baina hizkuntza bakarrik balitz.

Eta barka kontrastatu gabeko datuak, eta demagogia poxi bat egiteagatik, baina txio bat dabil: Herbehereek Anaia Handia-ren bost edizio egin dituzte, Belgikak lau, Frantziak zortzi eta Espainiak hamasei. Eta eskola abandonu tasa Herbeheretan %2 da, Belgikan %9, Frantzian %14 eta Espainian %28. Gero jakin nahiko dute zergatik katalan batzuek, askok, nahi duten independente bilakatu. Nahiz horrek, ez bakarrik Espainiatik, batez ere Gran Hermano-tik ateratzea ekarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.