Aritz Galarraga.
EKOGRAFIAK

Ez da gauza gutxi

2014ko ekainaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez dakit nola ez dizuedan oraindik hitz egin telebista saio honetaz. Tira, bai, badakit: sarri askotan Ubeda anaien muinoetatik ibiltzen naizelako zutabeotan, heldu beharrean zezenari adarretatik. Alegia, beste edozertaz jarduten naizela, behar dudan horretaz, telebistaz, izan ezik. Baina, egun segida lasaia eskaini digu aktualitateak, eta hara: Katalunia aldeko TV3n ematen dute, igandetan, akaso beranduegi. Aurretik ematen baitute 30 minuts erreportaje saioa, gaueko albistegien ondotik —herenegungoa, izugarria, dagoeneko erabat ahaztuta daukagun Boko Haram horri buruzkoa—. Eta El Foraster izena jarri diote, kanpokoa, arrotza, atzerritarra. Aurkezlea da hain zuzen kanpotarra, Teatre de Guerrilla antzerki taldeko komiko bat. Betidanik izan dute hanka bat hango telebista publikoan, beste biak orain ari dira Collita pròpia deiturikoan —etxeko uzta, gertuko elikagaiez aritzen den saio bat; eta, bai, ikusi beharko zenukete telebista publiko katalanaren eta gurearen arteko aldea; kilometrikoa—.

Baina El foraster saioarekin ari gara. Komiko orain aurkezleak egiten duena da astero Kataluniako herri txiki batera joan, existitzen denik ere ezagutzen ez den herri ñimiño batera. Mapetan aurkitzeko zailak: bigarren denboraldi honetan, Godall, Molló, Llafranc Prades, Alfés, Osor, La Torre de l'Espanyol herenegun. Seguru GPSak ere ez dituela harrapatzen. Auskalo egiatan existitzen diren. Eta joaten da batera, pasatzen ditu pare bat egun, hitz egiten du batekin eta bestearekin, eta azken egunean, alde egin aurretik, bi egun horietan bizitakoekin umore saio bat egiten du herrian bertan. Eta gero pantailatik pasatzen digute muntatutako saioa, noski, baina muntatzen dute egoki, tartekatuta herrian grabatutako irudiak eta umore saiorenak. Eta azkenerako ateratzen zaie gauza bat txukuna, baduena monologotik, baina betiko monologo aspergarria ez dena, baduena ariketa soziologikotik, baina bazkalosteko dokumentalengandik aski urrun dagoena. Oso gauza tontoa, segur aski, baina funtzionatzen du. Umore zuria, ez kaltegarria, baina errespetutik, gertutasunetik, kidekotasunetik egina. Eta igande gauean zoaz ohera irribarre batekin. Ez da gauza gutxi.

Doneztebe, Ea, Altzürükü —azpitituluekin, noski—. Kanpotarra horietara noiz iritsiko deseatzen nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.