Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Ez da magia

2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Sorkuntza, sortzaileak eta sormena. Gero eta alor gehiagotara zabaldutako hitzak dira, bolo-bolo darabilzkigunak kultur agendan gertaera nabarmenak hurbildu ahala. Zer ordezkatu nahi duten ulertuta ere, edukiz gabetuta agertzen direnak sarri; eta gehiegitan, erromantizismo arriskutsu batez jantzita: dena delako artefaktua osatzea inspirazio zerutiar batek agindutako ekintza magiko bat balitz bezala.

Eguraldi petralak maiz eramaten gaitu pantaila pareetara; eta hala ere, bi aldiz soilik jo dut telebistara azkeneko egunetan. Bi kasuetan, sorkuntza dosiaren bila. Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala ikusteko lehenik —zeina Nafarroatik ikusterik ez izatea paradoxa oso adierazgarria den—, eta segidan, modako dokumentalaren xerka: The Beatlesen Get Back. Sinetsi edo ez, aurkitu dut bi emankizunak lotzeko moduko haria: batean zein bestean, zerbait berria sortzen den unea bizitzeak pizten du ikuslearen lilura. Eta bietan antzeman dut sorkuntza magia baino gehiago dela susmatzeko lehengaia.

Jakina da zergatik den bertsolaritza hain berezia eta hunkigarria: alor gehienetan intimoa eta ezkutukoa den sortzeko ariketa hori jendaurrean egiten delako, unean bertan, denak begira eta adi garela. Baina Saioa Alkaizaren (edo beste edozein bertsolariren) bertsoak ez dira inoiz erabat bat-batekoak: ezin daitezke, inolaz ere, bertsolariaren bizipen, testuinguru, lanketa eta hausnarketetatik bereizi. Hor ari da gertatzen, zuzenean, baina atzean beti dago sekulako lana, eta ez bertsolariarena bakarrik: finalista gehienen irakasle izan da, esaterako, Alkaizari txapela jantzi zion Estitxu Arozena.

Gauza berdintsuarengatik eragiten du horrenbesteko zirrara The Beatles: Get Back dokumentalak. The Beatles talde mitikoa hain ezagunak zaizkigun abestien bila erakusten digulako: ezkutukoa ateratzen duelako argitara. Baina nago, bere gardentasun horretan gehiago egiten duela sorkuntzaren erromantizazioaren kontra, alde baino. Probak eginez, eztabaidatuz, frustratuz, negoziatuz, birziklatuz sortzen duen pertsona talde bat erakusten du, gutako edonork gure taldekako proiektuetan dituen dinamika bertsuak dituena. Liverpoolen, Iruñean edo Durangon, sorkuntza ez da magia. Lana da: aurre-lana, talde-lana, doitze-lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.