Ankerrak dira estereotipoak, bai. Baina dena esan behar bada, badira lagungarriak ere. Gehiegizko informazioa modu errazean sailkatzen laguntzen digute. Pertsonei, herrialdeei edo musika mota bakoitzari nola, ikus-entzunezko plataforma handiei ezaugarri jakin batzuk esleitzen dizkiegu aurrez. Filmin da, ezagunenen artean, kultuzko eduki gehien (omen) dituena. Eta hortaz: zine europarraedo telesail berritzaileak maite dituztenen txokoa. Edo gutxienez, etiketa hori bereganatu nahi dutenena. Baina kasu, zenbakiek aurreiritziak desobeditzeko joera baitute. Endeavour egitura klasikoa duen thriller bat da plataformako telesailik ikusiena.
Ez da bat gehiago. Egungo thriller gehienak edari energetikoa badira, bostetako tea da Endeavour. Misteriozko fikzio garaikide askok bira harrigarriekin eta akziozko eszenekin limurtzen dute gure arreta. Endeavour, ostera, Ingalaterrako landa zabalean egindako ibilbide lasaia da, non lagunarteko elkarrizketak eta paisaiak helmugak bezainbesteko garrantzia duten. Ez horregatik gutxietsi: gaur egungo thrillerrak baino leunagoa izan badaiteke ere, ondo eraikitako pertsonaiek ordu eta erdiko atalak edukiz betetzeko adina mami eskaintzen dute. 1960ko hamarkadan girotua dago seriea, eta Endeavour Morse detektibe burutsuaren abenturak kontatzen ditu. Hura bezain protagonista da ingurua. Oxfordeko Unibertsitatea eta haren ingurumariak nahikoa aitzakia dira fikzioan murgiltzeko.
Filmineko erabiltzaile ilustratuek ez dute zertan lotsatu. Teknologiak eta estresak agintzen duten mundu batean harrapatuta sentitzen zara? Ongi etorri 2023ko bizitzara. Dena azkarregia da, eta etengabe ari da eguneratzen. Ulergarria da batzuetan horren guztiaren atsedenaldia behar izatea. Bizimodu modernoaren presiotik eta estresetik ihes egiteko modu bat behar dugu. Eta horretarako, Endeavour bezalako telesailak benetako bedeinkazioa dira. Ez da ageri smartphonerik ez kamera infragorririk. Ez dago akzio handirik ez auto istripu ikusgarririk. Pertsonaia konplexuak, detektibe burutsu batek nola harrapatuko zain, besterik ez. Beste garai batera joateko aukera ematen digute; garai batera non gauzak sinpleagoak ziren, eta kasuen ebazpena detektibeen adimenaren menpe zegoen, ez Googlen egindako bilaketa baten menpe.

EKOGRAFIAK
Ez lotsatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak