Lide Hernando.
Ekografiak

Ez zaude bakarrik

2024ko martxoaren 7a
05:00
Entzun

Etxetik mugitu nahi ez dudan igande horietan, normalean, mundu guztiak egiten duen gauza bera egiten dut: plataformen basoan sartu, zerbait interesgarria topatuko dudalakoan. Kasu gehienetan, soilik momentuko entretenimendu-gosea aseko didan zerbait ikusi izan dut, memorian gordeta gelditzen ez diren horietakoa. Baina azken igandekoa ez zen horrelakoa izan: izan ere, Netflix zabaldu eta, gomendioen artean, No estás sola: la lucha contra la Manada dokumentala agertu zitzaidan.

Zaila da horren historia hurbilean gertatutako zerbait perspektiban ikusi eta horrelako testigantza sakon, argi eta poliedriko bat garatzea. Askotan hurbiltasunak memoria gehiago lausotzen digu urruneko zerbaitek baino, oraindik sendatu gabeko traumek zikinduta. Horregatik iruditu zait oso beharrezkoa eta ondo exekutatua Almudena Carracedok eta Robert Baharrek zuzendutako 100 minutuko dokumental hau.

Aipatu beharra dago, baita ere, ez dela sabeleko minik gabe uzten zaituzten pieza naif horietako bat. Itxaropena frustrazioarekin harilkatzen doa dokumentaleko minutuetan, kasuaren egoera ezberdinetatik igaroz, 2016. urteko sanferminetan La Manadako bost gizonek egindako eraso deitoragarri horretatik euren merezitako zigorrerainoko hilabeteak kontatuz. Baina, frustrazioak frustrazio, eta argazkilari askori entzun diodan adiera hona ekarriz, «errealitatea hor dago, nik harrapatu besterik ez dut egin»: halaxe egin dute dokumentalaren sortzaileek. Denoi barneak zartatu zizkigun gertaera latz hau kaosetik atera, irudiak jarri, eta pantailan ipini.

Natalia de Molina aktoreak jartzen dio ahotsa eraso horren biktima izan zen neskari, eta kasu honekin lotutako beste bortxaketa baten biktimari jartzen dizkio hitzak Carolina Yustek: zein baino zein hautaketa bikainagoak gai hau jorratzen duen dokumental honentzat, biek izan duten aktibismo feminista kontuan hartuta. Beharrezkoa eta eskertzekoa, bestalde, Nagore Laffageren kasua ere gogora ekartzea pieza honetan; hor ageri da herri bakoitzean estatua bat gutxienez merezi duen Asun Casasola irundarra ere, 2008. urtean alaba erail ziotenetik emakumeen aurkako indarkeria guztien kontrako borrokatan atsedenik gabe aritu dena.

Pieza perfektua estatu espainiarrean justiziak nola funtzionatzen duen ulertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.