Amorru tristearen ondoren, pozik izango da Munilla. Donostiako Koldo Mitxelenatik ezin izan du zentsuratu Gorputz grafiak erakusketa, mugimendu feministaren jarduera kronika biltzen duena. Baina kristautasunaren herentzia nola hedatzen den ederki ikusi ahal izan zuen ostegunean ETB1en. Gu ta gutarrak eta SexSua tandema; ezkondu eta larrua jotzera, Jainkoak agindu legez!
Enara eta Aitorren ezkongai-agurra eta ezkontza ikusi ditugu Gu ta gutarrak-en. Saioa defendatzeko horri esker gazteek ETB1 ikusten dutela argudiatzen dutenei, galdera: saioak indartzen dituen jarrerekin bat egiten duzue? Erreproduzitzen dituen arketipoetan jarraitu behar al dugu gizartea eraikitzen?
Kostata egin dezaket ulermen ariketa, ustez emakume eta gizonen arteko berdintasuna defendatzen duen formatu batek patriarkatuaren ideologiaren defentsa horren irmoki jartzen badigu mutur aurrean. Alegia, genero-sexu diferentzian oinarritutako sistema baten legitimazioa elikatzen ari bada etengabe. Era bortxatuan, gidoiari jarraiki. Ez baikaude maitasun erakustaldi baten aurrean, audientzia lortzeko estrategia basatia pairatzen baino. Eta zinez, hori baldin bada gazteak euskarazko telebistari hurbiltzeko modua, hobe dugu espazio publikoetako ekintzak berriz ere piztu. Euskara kalera!
Aurreko espektakuluaren lekuko izan zirenak harrapatu nahi izan zituzten SexSua programaren estreinaldian, baina ez zuten lortu. %2,1etik %1,4ra jaitsi zen ikusle kuota. Alde onak eta txarrak ditu saioak; didaktikoa da, baina bizitasuna falta izan zitzaion estreinakoari. Erritmoa.Adibidez, Nahia Rojo sexologia eta generoan adituak azalpenak eta jarraibideak eman zituenean, azalpen grafikoa faltan sumatu nuen. Alegia, fisikoki alu ezberdinak daudela azaltzean, esate baterako, aluaren irudia eta bere zatiak azaltzea. Ondoren asko luzatu ziren kalean jendea aluak irudikatzen jarrita, horren interpretazioa egin gabe.
Hala ere, beste ikasbide bat atera dugu. Gu ta gutarrak-en kritikarekin lotutakoa; metaligoteoa. Hau da, ligatzeaz hitz egiten ari zarela ligatzea. Zuriñe Hidalgok eta Jon Gomezek (esango nuke baina nork daki) antzeztu zutena. Pikadero batera joan, ligatzeaz hitz egiten hasi eta begiradarekin zirriak egiten amaitu. Ez zen beharrezkoa.

EKOGRAFIAK
Ezkondu eta larrua jo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu