gorka julio
IRLEN SAREA

EZpress

2015eko urriaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
The New York Times-ek edizio talde azkarra sortu berri du: Express Team. Bere helburua, momentuan sarean arreta erakartzen ari diren gaietan indarra jartzea da. Papererako sakoneko lana alboratu gabe, taldeak albisteen formatu azkarra eta berehalakotasuna izango ditu jomuga. Helburu finala, baina, bisita kopurua eta ondorioz eremu digitaletik datozen irabaziak bikoiztea da.

Apustua beste batzuek aurretik egin dutenaren oso antzekoa da. RT Errusia albiste taldeak arrakasta izan du, eta, ondorioz, ondo kokatuta dago eremu honetan. Gehiago edo gutxiago, hedabideek helburu honetarako Interneteko sare sozialetan beren mezuak hedatzeari ekin zioten, bereziki Twitterren.

Twitterrek azken astean 336 langile (%7) kaleratuko dituela iragarri du. Ez da berehalakotasuna krisia, informazioa gero eta berehalakoagoa izaten jarraituko baitu. Baina eduki original gutxiago eta zarata handia sortzen duen eredu bat ere bada. Tresnak oraindik irabaziak ematen ditu, baina erabiltzaile berrien hazkundearen erritmoa mantsotu denez, jabe direnen modelo finantziarizatu eta zentralizatzailearentzat ez da nahikoa.

Horren ondoan, aldiz, informazioaren kontsumoari lotuta hiru indar garrantzitsu aktibatzen ari dira ia ezkutuan: berehalakotasunari lotuta ez dagoen eduki sorkuntza, informazio zehatzaren aukeraketan oinarritutako ereduak eta identitate komunen ingurukoak. Lehenaren adibide ona Medium.com irakurle eta idazle komunitatea da; bigarrenaren adibide gertuko Mugikaria edota Berria Astekaria app-ak dira; hirugarrenaren adibidea, aldiz, federagarriak diren GNU Social bezalako tresnen bidez sortutako komunitateen arteko sare sozialak izan daitezke. Hiru joera horiek berehalakotasun hutsetik harago doaz, eta beren bukaerako helburua beste bat dutela ere esan daiteke.

Hasierara itzuliz, NYTen kasuak eta Twitterren kaleratzeenak kontrajarriak dirudite. Lehenak berehalakotasun hutsean oinarritutako ereduari baliabideak bideratzen dizkiolako, eta bigarrenak, berriz, kendu egiten dituelako. Biek, aldiz, bukaerako helburuan bat egiten dute: beren jabeentzako irabazien mantentzea edo areagotzea. Oker egon naiteke, baina etorkizuna aipatutako beste hiru joeretan dagoela uste dut, eta ez azken bi hauetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.