Inoiz egin duzu amorruz eztanda? Ziur nago behin baino gehiagotan dena pikutara bidaltzeko gogoa izan duzula. Askotan, ordea, ez gara ausartzen bortizki erreakzionatzera: eguneroko bizitzak, gizartearen aurreikuspenek edo guk geuk geure buruari ezarritako mugak direla eta, askotan geratzen gara benetako garrasi bat bota gabe. Horixe da Furia telesailaren abiapuntua: bost emakume amorruz lehertzeko zorian daude, haserreak gidatutako eszena baten atarian.
Felix Sabrosok sortutako fikziozko lan honetan, protagonista guztiak 50 urtetik gorakoak dira: Marga (Carmen Machi), Nat (Candela Peña), Vera (Pilar Castro), Adela (Nathalie Poza) eta Victoria (Cecilia Roth). Eta ez dira bakarrik: Rosa (Ana Torrent) eta Pilar (Marilu Marini) ere badituzte bidelagun, besteak beste.
Istorioa erretiro batean hasten da, emakumeak elkarrekin bildu eta esperientziak partekatzen dituzten une batean. Denek amorruz betetako egoera bat bizi izan dute. Atal bakoitza emakume bati eskaintzen zaio, eta horrek eztanda horretarako bidea erakusten du. Pixkanaka, ordea, istorio guztiek haien artean lotura dutela konturatuko da ikuslea. Bat egiten dut Gaizka Izagirrerekin, esaten duenean Relatos salvajes filma gogora ekarri diola.
Ikusle gisa barre egingo duzu, nahiz eta barre horretan deserosotasuna ere ager daitekeen. Umore beltza eta egoera bortitzak tartekatzen dira, batzuetan ia absurdoak, baina beti pertsonaien egia emozionalari lotuta. Horrek egiten du Furia erakargarri: ez da soilik dibertigarria, baizik eta xelebrea, ausarta, eta tarteka deserosoa. Gainera, gaurko gizartean presente dauden gatazkei erreparatzen die: haurdunaldi subrogatua, etxebizitza, lana, sare sozialak...
Nortasun propioz idatzitako fikziozko lana da, emakumeen ahotsari eta esperientziari protagonismo osoa ematen diona. Protagonisten kontraesanak, indarra eta ahuleziak agerian jartzen ditu, eta eguneroko injustizien aurrean amorru kolektibo baten leherketa eskaintzen du. Horrek guztiak egiten du lan hau, gaurkotasunean oso errotua egoteaz gain, ikusle askorentzat identifikagarria izatea. Hainbat belaunalditako emakumeen istorioak elkartzen dira hemen, eta horrek ematen dio indarra eta unibertsaltasuna.