Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Fikzioari bai

2017ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zerk egiten du berezi? Galdera hori da telebista kate orok erantzun behar duena. Ikusleak argi eta garbi identifikatu behar du zein saio mota topatuko duen kate bakoitzean. Hegoaldera begira jarrita, telebista kate nagusi guztiek kolore propioa daukate. Egin ariketa tarte batez: pentsatu telebista kate bakoitzaren izena, kolore korporatiboa eta zer saio motak egin ohi dituen.

Ibilbideari erreparatzen badiogu, ezbairik gabe, Atresmedia taldeak fikzioaren aldeko apustua egin zuen aspaldi eta kalitatezko ekoizpenak telebistaratzeari ekin dio ordutik. Askotarikoak izan dira proposamenak: eguerdian eta egunero kontsumitzeko produktuak zein prime time ordutegian emititu diren astean behin ikusteko saioak. Antzinean girotutako telesailak egin dituzte, baita, garaikideak ere. V hizkiz hasten dira komunikabidearen ezinbesteko erreferentzia pareak: Velvet eta Vis a Vis. Bigarrenaren soka beretik egiten du La casa de papel telesailak, eta ziur aski, orain arte ikusi ahal izan ditugun telesailen artean onena da. Baditu osagai anitz maila goren horretara heltzeko.

Hasiera eta amaiera neurtua duen telesaila da. Horrek zirraragarria egiten du berez, baina era berean tentsioa mantentzea zail egin dezake. Zergatik? Ikusleak denbora aurrera egiten duen heinean korapiloa askatu behar dela badakielako. Hala eta guztiz ere, gertakizun erakargarria kontatzen du gidoiak, miraz zaindutako egoeretan trebeziaz idatzitako elkarrizketei esker. Pertsonaiak konplexuak dira, koherenteak diren dimentsioak dituzte eta arkitektura sendoari esker sinesgarritasunez eusten dira. Hitzak eta egoerak sinesgarritasunez gorpuzten dituzte aktoreek. Zinez, azpimarratzekoa da casting-aren lana, eta artean, Ursula Corbero, Itziar Ituño eta Alba Flores hirutasuna ikustea plazer hutsa da. Nazioarteko ukitua dauka telesailak eta ohituren gertutasunean sinesgarritasunarekin jolasten du. Irudiari dagokionez, istorioaren argi eta itzalak isla dute argazkiaren diseinuan. Berritzailea da oso espainolezko telesail batean, baita, plano aldaketa oparo eta dinamikoa.Oro har, argiaren erabilera, argazkiaren konposizioa, planoen eraikuntza eta kameren mugimenduak kalitate altuko ekoizpenaren aurrean gaudela erakusten dute.

Merezi du La casa de papel telesaila ikustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.