Ia-ia eskerrak eman beharrean nago [ETAren indarkeriari], 15-20 urte gehiagoko gaztetasuna eman didalako. Frankismoaren ondoren, beste asko bezala, nire liburu txikietara eta akademiko izatera dedikatuko nintzatekeen; baina, terrorismoari esker, pixka bat biziago, aktiboago eta politikan sartuta egon naiz. Nik neuk, biktimak-eta hor dauden arren, oso ondo pasatu dut».
Ariketa bat egin nahi? Itxi begiak eta imajinatu adierazpenok alderdietako arduradunen edo eragileen ahotan. Imajinatu eman ditzakeen hedabidearen izena edo siglak ere. Argi da, emaitza ez da bera kasu guztietan. Metro eskasera galderak egiten duen kazetariaren aurpegia eta erreakzioa bezala. Otu zaizkizun aurpegi batzuek hedabide jakin batzuetan esanak balira, inertziaz hutsez, dena delakoaren —uler bedi terrorismoaren— gorazarrea ikusiko genuke. Arbuiatu egingo genuke. Eta gutxien-gutxienean, neurri gogorrak eta auzibidea exijituko genituzke. Halaber, hedabidearen erantzukizuna zein izan den zehaztu nahiko genuke, itxiera edo. Guk egin ezean, beste batzuek azkar asko hartuko lukete halako jarrera.
Noski, noski, Fernando Savater filosofoaren eta ideologia jakineko pentsalariaren hitzak izaki, bestela ulertu behar dira. Adierazpenekin batera erakutsitako irribarre zabalak eta plazer aurpegiak ez dute bestelako esanahirik. Ez pentsa, zu eta biok gara arraroak. Mamuak ikusten ditugu. Gure pentsaerak eta inguruak eraginak dira gertakariari egozten dizkiogunak. Munduarentzat —haien munduarentzat eta hedabideentzat— ez da deus aipagarri eta eskandalagarririk. Areago, haien mekanismoen logikaren detailetxo bat baino ez da. Hau da, gatazkaren erabilera pertsonal zein politikoaren irudikapena. Alderdi politikoen, haien ordezkarien, eragileen zein hedabide eta kazetarien isilpeko lanaren adierazpen publikoa. Betiere, aurrez onartutzat emanda, halakoak lagun onak galdu dituenak soilik ahoska ditzakeela.
Tele5 kateak eman baititu adierazpenak. Ustez, adin txikikoak babestuta dauden ordutegian; euskal gizartearen zati handi baten ideologia, ostera, legez kanporatu dezaketenean; egunez egun, gaur bai eta bihar ere bai, biktima bakarrak omentzen jarraitzen dutenean.
Sareko zurrumurruen arabera, aurki ETBn saio bat gidatuko du gizon super-jakintsuak.
Ekografiak
Filosofoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu