Zalea nintzen oso saioa Oskorrik egiten zuenean. Batetik, jende famatu usteak zuk baino gehiago desafinatzen duela ikusteak poz amiñi bat sortzen zuelako. Baina, bestetik, batez ere Gabon gaueko kalaka amaigabeak orro pare bat jaurtikiz aurreztu ahal zirelako. Ez dakit, ordea, noiz hasi zen Gabon gaueko gabon kanta saioen gaineko liluraren amaiera. Oskorri joatearekin batera, noski; baina gero eta eroriago nabaritu dut aurten Eguberrietako abesti programen inguruko nire pasioa.
Eta logikoena litzateke zutabe hau ostiralerako uztea —bihar, irakurle maite, ez joan kioskora egunkaria erostera, ez baita izango halakorik—. Gabon gaueko saioak ikusi eta ondoren balorazio kritiko baten antzeko zerbait idaztea litzateke zentzudunena. Baina, ez dakit, orain artean ikusitako aurrerapen bideoekin erabat uxatu zait nuen gogo apurra. Gainera, igande gauean eman zuten Tumatxak bereziak berritu zidan gabon kanta saioekiko distantziamendua. Ez hainbeste Tumatxak-engatik beragatik; gehiago da gogorarazi zidala azken urteotako desenkontrua. Ze, bestela, ez dakit gauza askoz gehiago egin zitekeen gabon kantekin. Gehienera ere, segur aski, egin zutena: Gontzal Mendibil elkarrizketatzea, «ona da gure mitoak edukitzea» bezalakoak esanez; Mikel Markezen ahotsa ekartzea, Olentzeroren erabilera komertziala salatzeko kantu kritiko batekin; Mikel Markezen beraren azken diskoa, Fermin Muguruzaren —hemendik aurrera Carcastillo Sound System gabe— azken dokumentala erakustea. Despistaturen bat falta bada oraindik biharko opariak erosteko.
Gaurkoa gogor dator halaber: Iruñea kantuan saioaren ondotik, Euskal kantuen gaua. Ikusi ahal izan ditugun aurrerapen bideoekin aski eta gehiegi daukat. Kontrako eztarria saiokoak Queen taldearen imitazio bat egiten; Iñaki Lopez, aldaka kolpe harrigarriz, Elvis Presleyrena; Athletic eta Realeko jokalariak auskalo zertan, berdin Real Madrileko Xabi Alonso eta Asier Illarramendi. Telebista piztuta egongo da, noski, baina besterik da ikusiko dudan. Eta biharamunean, ginga izango dugu: Ken Zazpi eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak elkarrekin emandako kontzertuaren emanaldia, ondo gainditzeko bestondoa.
Izan ere, zer lirateke Gabonak gabon kanturik gabe?Tumatxak-ek egin zigun galdera. Eta gaur akaso ez, baina seguru bihar-etzi izango dudala erantzunik.

Komunikazioa. Ekografiak
Gabon kanturik gabeko Gabonak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu