Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Galderak faltan

2015eko apirilaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zoragarria litzateke Ristori Chester bat egitea» esanez berotu zuen audientzia Pepa Buenok. Eta, nola ez, Cuatro kateak aktiboki lagundu zuen baita jakin-mina elikatzen ere. Lortutako adierazpenen balio informatiboan ez baizik erabat morboan oinarritutakoa izan zen erabilitako amua; «Pepak adarra jo du Felipe Gonzalezekin: Viajando con Chester saioaren lehen striptease-a da!». Gonzalez elkarrizketara heldu eta jaka kentzeagatik kazetariak izandako erreakzioa biltzen zuen titulua izan zuten webgunean jarrita.

Viajando con Chester saioaren denboraldi berriak gehituko dituen berrikuntzen artean, ageriko aurkezle aldaketaz gain, programa bakoitzaren aurretik sarrera berezia egitea dago. Horretan, Pepa Buenok, solasaldien ondoren jasotako inpresioak azalduko ditu, alegia, hainbat titulu botako ditu.

Estreinaldian mailari eutsi zion Buenok, baina agerikoa izan zen, igandean, solasaldia pertsonaia batek gidatu beharrean kazetari batek gidatzen zuela. Nork bere estiloa daukan arren, oraingoan kazetari prismatik aztertu behar bada, erabat motz geratu zen. Pablo Iglesias Espainiako presidente ohiarekin konparatzen tematu ziren; Gonzalezek, ordea, Aznarrekin alderatu zituen Iglesiasen jarrerak. Agidanez, hedabideek Podemosekin duten obsesioa amaiezina da, alderdiarena baino handiagoa dirudienez; audientzia nekatzen ari zirela konturatuko ziren, eta horregatik al daramate hilabete inguru aparteko titulurik eman gabe?

Aukera izan zuen Buenok gai garrantzitsuagoei heltzeko, baina ez zuen egin. Batetik, ez zuen itaundu GALen organigramako El señor X delakoaren inguruan. Oso urrun geratu zen; ez zuen dialektikoki ingurua probestu sikiera, gaiari heldu ahal izateko. Eta, bestetik, Gonzalezen hitzek zabaldu zizkioten galdegaiak alboratu zituen. Esate baterako, epaileek politikan esku hartzerik ez dutela izan behar esan zuenean, eta defendatu inputatuek hauteskundeetara aurkezteko eskubidea izan beharko luketela. Hortxe zuen arrakala Arnaldo Otegiren gainean galdetzeko.

Gertutasun handiagoarekin hitz egin zuen Buenok Jose Coronadorekin, espainiar agintariarekin baino. Gizakion edertasuna laudatu zuten, oro har, eta barnekoa batez ere, Coronadok berea azaleratzeko aukerarik izan ez bazuen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.