Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Galderak

2016ko azaroaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainolezko: «Â¿Eres antisistema?» (Antisistema zara?) galderaren erantzuna ingelesez entzun genuen: «Yes, I'm anticapitalist» (Bai, antikapitalista naiz). Naomi Klein elkarrizketatu zuten La Sextako Salvados saioan. Jordi Evolek galderak espainolez egin eta Naomi Kleinek ingelesez erantzun zituen. Kleinek esandakoak azpidatzien bitartez irakurtzeko aukera eman zigun saioak. Teknikaren alor estetikoari dagokionez, elkarrizketa grabatzeko plano orokor eta ertainak erabili zituzten, eta galdera erantzun trukaketa nabarmentzeko plano kontraplano teknikari eutsi zioten. Hau da, plano batean Evoleren galdera entzun ahal izan genuen eta beste plano batean Naomi Kleinen erantzuna. Sekula ere ez ziguten aukerarik eman galdera-erantzun segida entzun ahal izateko, hau da, galdera eta erantzun guztien artean mozketa egin zutela agerikoa zen. Moztu, pegatu. Ez dut honekin esan nahi, inondik inora, galdera eta erantzunen artean manipulazioa egon zenik. Alegia, galderaren bat moldatu eta ondo zetorkien erantzunekin lotu zutela. Ez, ez dut hori esan nahi. Bai, ordea, hizkuntza kontuak direla-eta, hori kolokan jartzea posible dela. Agidanean, elkarrizketak naturaltasunez ikusi ahal izateko erabiltzen duten errekurtsoa bada ere, ez nau erabat konbentzitzen, elkarrizketatuari egin zaion jatorrizko galdera entzuteko aukerarik ematen ez digutelako. Alegia, gardentasuna saldu nahi digutelako eta erabateko gardentasunarekin ezin dezakegulako entzun diotena. Eta horrek, elikatu besterik ez du egiten zenbaitetan Evoleren jardunak pizten didan galdera: Evoleri titular potenteak ematen dizkiote elkarrizketatuek edo Evole titular potenteen bila ari da elkarrizketa bakoitzeko? Noski, adierazpen esanguratsuak lortzen ditu bolo-bolo ari diren gaien ardatzean lan egiten dutelako. Pluralean diot telebista saio bat egitea talde lana baita. Are gehiago, lotzeko zailak diren elkarrizketak egin ahal izatea lortu du taldeak. Lan horren parte izanda, eta lan horri aurpegia jarri ahal izanda, bere jardunarekin ogibideak merezi duen errespetuaren alde egin du Evolek kazetaritzak inoiz baino gehiagosinesgarritasuna galdu baitu. Haatik, ezinbesteko da eta horregatik ondo dago azaldutakoa bezalako gauzak zalantzan jartzea, azken batean, Salvados saioak telebistatik at saltzen diguten guztiarekin egin nola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.