Aitorpen bat egingo dut hasteko. Ez dut telebista gailurik. Jada pasatu da urte bat kaxa argia etxean behar ez nuela konturatu nintzenetik. Glasgowra (Eskozia) bizitzera iritsi berri. Areago, pentsatzen hasita, ez nuke esango Euskal Herrian nintzenean gauza askorik ikusten nuenik aparatu horretan. Albistegiez gain, fikzioa batzuetan eta kultura saioak beste batzuetan. Gainerako edukiak apenas interesatzen zitzaizkidan—nahiz eta bazkalorduko solasaldi politikoei bolumena igotzen nien, bakarrik banengoen—. Denbora falta nuen modu tradizionalean telebistaren aurrean jartzeko. Pentsatzen hasita, egun, ikus-entzunezko edukiak kontsumitzen pasatu ahal ditut egunean hiru ordu baino gehiago.
Iratzargailuak jo bezain laster irratia pizten dugu —normalean, etxetik irten arte egoten da martxan—. Ondotik, eguraldi iragarpena begiratu sakelakoan, Twitterri zein email kontuei begi-kolpea eman. Gauza erraza da ETB Sat bitartez, zuzeneko Gaur Egun edo Teleberri ia egunero ikustea —EITBren eduki gehienak daude eskuragarri nahieran—. Horrez gain, gauez, sarri tokatzen da telesail bat edota film bat. Eta egunero entzuten dugu musika etxean (sukaldean, egongelan, logelan...). Gehienetan ordenagailu eramangarrian kontsumitzen ditut horiek guztiak.
Kontsumo ohiturak aldatu ote dira? Ikusle datuak neurtzeko ereduen gaineko eztabaida albo batera utzita, Kantar Media erakundeak dio Hego Euskal Herrian pertsona bakoitzak hiru ordu baino gehiago pasatzen dituela telebistaren aurrean. Egunero. Azken urteetan, ordea, beherako bidea hartu du, eta hogei minutu jaitsi da batez besteko kontsumoa. Beraz, badago oraindik telebista tradizionala interesatzen zaionik. Digitalizazioaren eta Interneten ondorioz, eragile berriak agertu, eta audientziaren zatiketa gertatu dira. Ikus-entzunezko edukien inoizko eskaintzarik handiena dugu, baina hedabideen finantzaketa ereduak hauskorrak dira, eta handia plataforma anitzeko ekosisteman ikusleak bereganatzeko lehia. Hala ere, telebistak oraindik badu nahikoa garrantzi eta bete beharreko funtsezko misioa. Audientziarekiko konpromisoa. Are gehiago, telebista publikoak. Trantsizio aldira egokitzeko, ordea, ulertu behar da zaharkituta geratu direla zenbait funtzionatzeko eredu. Garai berriak direla.

EKOGRAFIAK
Garai berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu