Tantaka ezagutzen ari gara hurrengo asteotan eta hilotan euskal programazioetan estreinatuko diren irratsaio eta podcastak, baita ikasturteak uhinetara ekarriko dituen ahots berriak ere. Iragarritako lehenengo emanaldien zain, erreferentziak gordetzen ditut, aireratu bezain pronto entzun ahal izateko. Batzuetan, berriz, aldaketa ez da (soilik) edukietan gertatzen, euskarrietan baizik. Euskal Irratiek, adibidez, web berria estreinatu dute denboraldiaren hasierarekin batera; gune dinamikoago eta irisgarriagoa —erakargarriagoa—, dudarik gabe.
Euskarri tradizionalaren bidez irratia entzuten dutenek ez dute atzemango aldaketa, baina bai, nik bezala, ordenagailuan edo sakelakoan eduki zehatzak bilatzen dituztenek. Zentzu horretan, azpimarratu nahi dut podcastak biltzen dituen atalera sartzeko aukera berria (horri esker, aitortu behar dut, ezagutzen ez nituen saio batzuk gehitu ditut entzutekoen zerrendara, eta hurrengo asteetan horien inguruan hitz egingo dut zutabe honetan). Aldi berean, erraztu dute eduki zehatz batzuk topatzeko bidea, eta askoz bisualagoa egin dute horien katalogoa. Beste aldetik, irrati guztien agerpen estetikoa bateratu dute, Euskal Irratiak markaren irudia indartzeko, aire fresko eta modernoagoa emateaz gainera. Horrez gainera, iragarleei ere publizitate-euskarri erakargarria eskaintzen diete, klik batean informazio komertziala eskainiz. Norbanakoek ere abisuak argitaratu ahal dituzte, ez baitugu ahaztu behar komunitatean sustraituriko komunikabideez ari garela, Ipar Euskal Herriko eta tokian tokiko ahotsa ez ezik kultur eta gizarte eragileak badirenak.
Interneteko irrati-entzuketa nagusiki telefono adimendunen bidez egiten da, eta, beraz, garrantzi handia du euskarri horretarako egokitzeak. Esango nuke, kasu honetan, are errazago eta intuitiboagoa dela webgunea baino; hori bai, sakelakoan ez dago Antxeta irratiko programazioan sartzeko aukerarik, ordenagailuan egin dezakegun bezala. Ez dakit hurrengo urratsa app edo aplikazio bat eskaintzea izango den —horrek errazten omen du sarbidea, baina nik ez dut oso gustuko telefonoa betetzen zaidalako—, baina dudarik gabe, egindako jauzia garrantzitsua da garai berrietara egokitzeko, betiko esentzia galdu gabe.