Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Garia eta lastoa

2017ko martxoaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Badira egun arraro batzuk telebistako albistegietan. Badirudi ez dela zer kontaturik izaten eta emanaldia ohi baino laburragoa eta bereziagoa izaten dela. Albiste eta albiste artean, izozkailuan gordetako albisteak eta albiste izatera iristen ez direnak txertatzen dizkigute ikus-entzuleoi. Ez da joan den asteburua gertakariz urria izan, baina ikusitako pieza pare batek atentzioa eman didate. Lehen begi kolpean, albisteak behar lukeenetik adina zuten bi erakundek haien posizioak finkatzeko sortutako autopropagandatik. Kazetaritzan horiek albiste bihurtzea joera finko bihurtu den arren, eskatzen du hausnarketa txiki bat.

Erromara eraman gintuzten aurrena. Han, Aita Santuak bedeinkatuta, Europako Batasuneko buruak elkartu ziren duela 60 urte hartutako erabakia egokia izan zela munduaren, eta bereziki Europaren, aurrean berresteko. Duela 60 urte Erromako Ituna nola, hala sinatu zuten Erromako Adierazpena, gure nortasuna indartzeko. Liburu Zuria hizpide hartu, eta abiadura eta intentsitate desberdinetako jardunean jarri zuten fokua, nabarmenegi ez gelditzearren. Titulua, ordea, anfitrioiak eman zuen: «Idealik ezean, hiltzeko arriskua du Europako Batasunak».

BECen alderdiko Aita Santuak, aspaldian ikusten ez genuenak, bedeinkatu zituen ekitaldia eta bertaratuak. 1977an Iruñean egindako batzarraren urteurrena ospatu eta han hartutako norabidea egokia izan zela nabarmendu zuten. Eguerdi eta gau, dena den, bestelako titularrek bete zituzten albistegiak. Xabier Arzallusek hitza hartu izana eta ELA sindikatuari egindako kritika bolo-bolo zabaldu zituzten.

Duda egin nuen, biak ala biak, zenbateraino ziren albiste. Haien norabidea berresteko erakunde bik ekitaldia egin izana, bere horretan, ez dakit zenbateraino den hizpide hartzekoa. Eta Aita Santuak, gaur egun, Europar Batasunari buruz duen iritzia edo bestelako testuinguru edo arrazoirik gabe sindikatu bat kritikatzea, are gutxiago. Joseba Egibarrek berak aitortu zuen, biharamunean ETB1eko Egun On Euskadi saioan, gogoeta soila izan zela hura. Zalantza dut gogoeta batek albistegiaren abiapuntu izan behar duen, eragingo duen erantzunen errenkada ikusita.

Ez dira adibide bakarrak. Egunero dauzkagu horrelakoak. Eta hala gabiltza, aspaldian, garia eta lastoa bereizi ezinik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.