Kaixo, irakurle. Sara Azurza nauzue. Ezagutzen ez nauzuenontzat: abeslaria eta telesailzale amorratua naiz. Gaur nire zutabea estreinatzen dut BERRIA egunkarian; astean bitan, ikus-entzunezkoen eta joera digitalen inguruan arituko naiz. Has gaitezen!
Denbora asko daramat Lena Dunhamen lan berria iristeko zain, eta, azkenean, heldu da. Dunham Girls (2012-2017) HBOko telesail arrakastatsuaren sortzaile eta protagonista izan zen, eta Tiny Furniture (2010) eta Sharp Stick (2022) filmak ere zuzendu ditu. Aktore gisa, besteak beste, Once Upon a Time in Hollywood (2019) eta Treasure (2024) filmetan parte hartu du.
Dunhamen lana millennial belaunaldiaren errealitatea modu gordin baina umoretsuan kontatzeko trebeziagatik bereizten da, eta oraingoan, Netflixen uztailean estreinatu zuen Too Much telesailaz hitz egingo dizuet. Izenburuak berak dioen moduan, gehiegi izatearen aldeko omenaldi bat da.
Telesail horretako protagonista Jessica da (Megan Stalterrek antzeztua), 30 urte inguruko newyorktar bat, publizitate produkzioko arduraduna. Bikotekidearekin izandako haustura traumatiko baten ondoren, lana dela-eta Londresera joango da, zerotik hastera. Han, zenbait erronkari aurre egingo die, ironiaz eta batez ere umorez.
Erresuma Batuko film historikoen zale den Jessicak ustekabean egingo du topo Felixekin (Will Sharpek antzeztua): Londresko musikari xarmant bat da, baina bere itzalekin bizitzen ikasi behar izan du. Bien arteko harremana poliki-poliki haziz doa, baina bakoitzak bere iragan pertsonal eta familiarra konpontzeko zailtasunak ditu.
Too Much ez da maitasun erromantikoaren bertsio edulkoratua; bizitza errealean gertatzen diren kontraesan eta ezintasunak erakusten ditu. Dunhamek berriz ere heroina ez-perfektu baten aldeko apustua egin du, belaunaldi baten bizitzaren erretratu zorrotz eta hurbila eskainita. Ez da harritzekoa batzuek telesaila Dunhamen bizipenen ispilu gisa ikustea: bera ere Londresera joan zen bizitzera, eta han ezagutu zuen Luis Felber musikari britainiarra, 2021ean.
Umorez, samurtasunez eta errealismoz betetako istorio horrek gogorarazten digu maitasunak, askotan, gure itzalak zein indarguneak agerian uzten dituela. Eta horixe da, seguruenik, Dunhamen lanaren indarra: pantailatik harago, geure buruari begiratzera gonbidatzen gaituela eta bizitza harrotasunez bizitzera.