Julia Roberts, Ayo Edebiri eta Andrew Garfield protagonista dituen filma, Luca Guadagninok zuzendua eta #MeToo gaiaren ingurukoa. Osagai ezin hobeak ziruditen film borobil baterako, baina, indarguneak izan arren, erdibidean geratu da. Formalki zein narratiboki After the Hunt bikaina bada ere, helarazi nahi duen mezuak zalantzak sortzen ditu. Ez da zirudien bezain probokatzailea, ezta espero zen bezain sakona ere.
Maggie (Ayo Edebiri) ikasleak Hank (Andrew Garfield) irakasleak sexualki eraso diola kontatzen dio Alma (Julia Roberts) irakasleari. Alma Hanken lankidea da, eta Maggierekin lotura estua du. Ezbehar horrek Almaren baitan gordetako iragan ilun bat aterako du argitara.
Almaren iraganari dagokionez —spoilerrak saihesteko xehetasunik emango ez badut ere—, filmaren egituraren barruan funtsik gabeko pisua hartzen du. Salaketa faltsuen gaia ustez ikuspegi feminista erakutsi nahi duen obra batean txertatzea guztiz desegokia iruditzen zait; izan ere, gogorarazi beharko litzaioke zuzendari italiarrari halako kasuen portzentajea ia hutsaren parekoa dela.
Pertsonaiak ederki marraztuak daude, bakoitza bere geruza moralaren ertzean dantzan. Zuzendariak tentsioa eta ñabardura ezberdinak modu zorrotz eta argian banatzen ditu. Filma hasieratik murgiltzen da #MeToo eta kantzelazioaren kulturaren eztabaidan, baina planteamenduak zalantza batzuk sortzen ditu; hasierako tituluetan, Woody Allen omentzeko egiten den keinu nabarmenak —tipografia, musika eta estilo bera erabiliz— zalantza horiek areagotu egiten ditu.
Diskurtsoa hasieran argia den arren, minutuak igaro ahala lausotu egiten da. Zilegi den tratamendu narratiboa aukeratzen du, anbiguotasuna filmaren bizkarrezurra bihurtzen delako. Hori ez da berez negatiboa, baina #MeToo mugimenduaren testuinguruan, «anbiguotasun moralak» kritikatu nahi dituen dinamika berak erabiltzen ditu, nahi gabe bada ere.
Trent Reznor eta Atticus Rossen musika ere aipatu nahiko nuke, baina zoritxarrez ez onerako: maisuak iruditzen zaizkit, baina lehen aldia da film batean euren musika gogaikarri samarra dena; zenbait eszenatan enbarazu egiten du.
Filmak ikuspegi ausartago bat hartu izan balu, thriller gogoangarria izango litzateke; baina, sakondu beharrean, diskurtso ozpinduak berpiztu ditu.