Denok musikariak izan behar gara, ateratzen zaizkizun boloetan lan egin, lanerako beharrezko duzun guztia zerorrek jarri, diru apur bat ateratzeko. Aukera paregabe bat iritsi bitartean, lan txiki hauek egiten dituzu, zure buruari diru estra bat ateratzeko dela esaten diozun bitartean. Zortea dutenek beste lan bat dute, jateko adina ematen diena, baina gehienek lan hauek dituzte bakarrik, ozta-ozta fakturak ordaintzeko balio dutenak.
Gig ekonomia deitzen diote horri. Sareko plataforma batean publikatzen diren lan txikitxoei erantzunez lan egiteko prest dagoen jendearen ekonomia da. Sistemak enplegatzerik ez duen gazte ejerzitoarentzako zena, prekarietate gorena eta ziurgabetasun maximoarekin, orain orokortua eta erakargarri bihurtu nahian dabiltza. Atzean, Internetek ahalbidetutako bitartekari gutxiago izateko aukerak esplotatzen dituen Plataforma Kapitalismoa dago. Plataforma teknologikoa jarri eta arrisku gutxi hartuta, jende bahartu bereak diren lanabesak jartzera.
Kanpoko lege eta fiskalitatearen menpe dauden plataforma horiek, esplotatu daitezkeen aukera bezala ikusten dituzte kotxe ibilaldiak, etxebizitza ez erabiliak edo eta pertsonen lana bera.
Plataforma kapitalismoaren ideia kontsumoari lotuta jaio zen, eta inoiz ez zuen hortik atera behar, baina enplegura eta lanera ekarri nahi dute, eta eredu hori proposatu berriei. Deliveroo edo Glovo enpresako rider-rek ondo dakite zertaz ari garen. Hiri barneko garraio zerbitzuak ematen dituzten enpresa hauek, eskari bat dagoenean sareko plataforman publikatu eta gertuko bizikleta-langileek onartu ostean paketea eramango dizute etxera.
Diruaren parte bat langileak berak eramango du, baina gehiena enpresak jasoko du. Zeinek hartzen ditu bere gain tartean gerta daitezken istripuak, ordaindu beharreko kuotak eta konponketak..? Langileak berak.
Horren aurrean batzuk Plataforma Kooperatibismoaz ari dira. Non langileek eta bezeroek parte hartuko duten, baina komunitate izaera gabe. Gauzak ezberdin egin daitezkeela bakarrik adierazten du horrek. Kooperatibismoaren izaerarekin apurtzen duen kooperatibismo mehetu bat baino, hobe langileek pauso bat eman eta beren lana antolatzea, Deliverooko eta Glovoko zenbaitek egin nahi duten bezala, benetako kooperatibak sortuz.

IRLEN SAREA
'Gig' ekonomia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu