Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Gorrotoaren bila

2023ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
RTVE Play plataformaz ondo idatzi nahiko nuke, baina ez dakit gaur lortuko dudan. Plataforma horretan, LGTBIQ+ kolektiboaren aldeko saio berezi dezente ikusgai egin dituzte azken astean; Paloma del Rio kirol kazetariak aurkeztutako Ya no quiero esconderme saioa interesgarria iruditu zait. Saio horretan, LGTBIQ+ kolektiboko kirolariak nola bizi diren ikusten da. Hiru kapitulutan, kiroleko hiru gune aztertu dituzte: futbola, kirol olinpikoa eta oinarrizko kirola. Hiru guneetan dagoen LGTBfobia aztertzen da, eta kirol desberdinetako kirolarien esperientziak jasotzen dira saioan zehar.

LGTBfobia handitzen ari den bitartean, horren zergatiak aztertzeko bide bat da saioa. Kirolean LGTBIQ+ kolektiboaren aurkako mezu asko entzuten dira eta kirolari askok ez dute beren sexualitatea publiko egiten. Horrez gain, emakume eta gizonen arteko egoerak desberdinak direla agerian uzten da. Gizon homosexualek beren sexualitatea azaltzeko zaila izaten dute kirol batzuetan; aldiz, kirol batzuetako emakumeak lesbianak direla pentsatzen da askotan, eta normalizatuagoa dagoela dirudi. Saioan zehar, normalizaziorako oraindik asko egin behar dela azpimarratzen da uneoro.

RTVE Play-n beste saio batzuk bilatzen jarraitu dut, baina bertan ezin izan dut aurkitu Gen Playz XL saioaren azken kapitulua. LGTBIQ+ harrotasunaren astean grabatu zen saioa Madrilgo plaza handi batean. Bertan, gonbidatu bereziak egon ziren eta Ines Hernandek aurkeztu zuen. Saioaren amaieran, Hernandek Espainiako Kongresko hauteskundeei keinu egin zien, eta gobernu aurrerakoi baten garaipena gertatuko zela adierazi zuen. Esaldi horrek polemika piztu zuen sare sozialetan. RTVEren neutralitatearekin apurtzen dela erabaki ostean, RTVEk saioa plataformatik eta Youtubetik kendu du. Hernandek LGTBIQ+ kolektiboak dituen arazo eta diskriminazioak agerian utzi nahi zituen esaldi horrekin, eta politikan LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideen aurka dauden alderdiak seinalatu nahi zituen. RTVEk zentsura ezarri dio Hernandi bere iritzia emateagatik. LGTBfobia indartzen den bitartean, gorroto hori indartzen duten alderdiak nor diren adieraztea gaizki omen dago. Bestelako saioetan, aldiz, gorroto hori nondik datorren galdetzen da, eta badirudi ez dutela aurkitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.