Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Greba pantailan

2023ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Billy Elliot-eko meatzarien korrikaldiak gogoratzen ditut, Novecento-ko lanuztea, House of Cards-eko eszenaren bat, eta berriki, El buen patrĂ³n filmean, lantegiaren aurrean protesta mugagabea egiten duen langile kaleratua. Badira ale bakan batzuk, baina ez da ohikoa telebistako fikzioan langileen eskubideengatik borrokatzen diren pertsonaiak ikustea. Albistegietan ere ez; aldarrikapenak deslegitimatu edo langileak biolentotzat jotzeko ez bada.

Telebistaraino iritsi edo ez, pantailaren atzealdeak piketez, megafonoz eta afixaz josita daude. Bai, behintzat, Ameriketako Estatu Batuetakoak. Milaka gidoilarik orain 75 egun hasi zuten grebara batu dira aktoreak ere. Itsasoaren bestaldetik, harriduraz ikusten ditut hango albisteak; erabat sinetsi gabe, telesail baten denboraldia luzatzeko trikimailu merkea balitz bezala. Baina, ez. 160.000 aktore ordezkatzen dituen sindikatuaren afiliatuek %98en aldeko bozarekin hartu du erabakia. Gure telesail eta film kuttunetan agertzen diren horiek guztiek lan egiteari utzi diote, euren (eta gidoilarien) baldintzak hobe daitezen eskatzeko.

Zinemako zein telebistako produkzioak eten ditu grebak: Gladiator 2, Ghostbusters 4, White Lotus edo Stranger Things, besteak beste. Baina ez hori bakarrik; jaialdiak, elkarrizketak eta sustapen asmoko ekitaldiak egiteari utzi diote aktoreek.

Antzezleen artean badira ezin konta ahala milioi dolar pilatzen dituztenak, eta baita alokairua ordaintzeko lanak dituztenak ere. Baina gidoilariak nola, ia aho batez hartu dute erabakia. Horrek ematen du gatazkaren neurria: plataformen garaiak aldaketa nabarmenak ekarri ditu industriara. Beste sektore askotan bezala, denborak azkartu dira, eta langileen baldintzak okertu; goi kargudunen irabaziek, berriz, gora egin dute. Greban daudenek pastelaren zati handiagoa dagokiela uste dute. Adimen artifizialaren garapena mehatxutzat jotzen dute askok. Gertatu denagatik bakarrik ez, gerta daitekeenari aurrea hartu nahian jo dute grebara.

Ketchupa, stand-up-a, galtza eroriak, trapa. AEBetan egiten dena inportatzeko joera kontrolagaitza dugu hemen. Ikus-entzunezkoen langileak autonomoak izanik ere batzea, sindikatzea, injustiziak salatzea, eskubideak aldarrikatzea... Ez al da, hau ere kopiatzeko modukoa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.