urtzi urkizu
Telebista

Gure bizitza kantatu orri bate(a)n

2024ko otsailaren 18a
05:00
Entzun

Barkamenak aurretik Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako irakurleei, ez baitute kontu askorik ulertuko ondorengo lerroetan.

Chenoatik Chenoara. Lerroburu hori jartzea litzateke aukera bat Operación Triunfo-ri buruzko testu honentzat. Maria Laura Corradini Falomir Mallorcako (Herrialde Katalanak) kantaria da Chenoa: 2001-2002ko denboraldian, TVEk eman zuen lehen aldiz Operación Triunfo musika lehiaketa; kantuan ez ziren hobeak haren aurretik gelditu zirenak, baina laugarren postuan amaitu zuen Chenoak duela 22 urte. Aurten, berriz, Amazon Prime Videoren O.T.-ko aurkezle nagusi jarri dute Chenoa. Chenoatik Chenoarako bidean, musika saioa fenomenoa izan zen lehen urtean. Eta hala da gaur egun ere. Fenomenoa, non? Ba Espainian, Hego Euskal Herrian, Galizian eta Herrialde Katalanetan. Bihar gauean egingo dute edizio honetako finala.

Telebista kontsumoa asko aldatu da 22 urtean, noski. Baina hemeroteka hor da: Operación Triunfo-ren finalak 2002an %65,1eko ikusle kuota izan zuen Nafarroan, eta %63,2koa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gauerdian, telebista ikusten ari ziren bost lagunetik lau musika lehiaketa hari begira zeuden Hego Euskal Herrian eta Espainian. Euskaldunon Egunkaria-k 2002ko otsailaren 13an jaso zuen datua.

Badira Egunkaria-ren hemerotekan, bestetik, O.T.-ren lehen bi edizioen gaineko artikulu gehiago. Bigarren edizioa Ainhoa Cantalapiedra Galdakaoko (Bizkaia) gazteak irabazi zuen. Zeresana eman zuen hedabide tradizionaletan —sare sozialik ez zen orduan, 2003an—. Euskadi Irratian, esaterako, solasaldi bat honako izenburuarekin: Ainhoa, Espainia eta gu. Cantalapiedra «gurea» ote zen galdetuta, Natxo de Felipe musikariak zera esan zuen: «Ainhoa geurea da osorik, Begoñako Ama Birjina den moduan edo Realeko Javier De Pedro den moduan».

Futbolaren erreferentzia ondo dago ekarria. Balio du 2024rako. Izan ere, otsaileko azkeneko astean realzale eta athleticzale guztiak erotuta ibiliko dira futbol partida batekin. Funtsean, monarkia ustel bateko buruak ematen duen kopa bat irabazteko lehia dute jokoan bi euskal taldeek, eta inork ez du zalantzan jartzen hori ikustea «espainiarra» den ala ez —lerro hauek idazten dituenak ere ez—. Aldiz, Operación Triunfo ez da zerbait cool gisa hartu, produktu arin espainiartzat baizik.

Eta, bai, noski, guztiz kritikagarria da musika saio horrek erakusten duen eredua. Klinexaren filosofiari heldu zaio erraz, behin erabili eta zaborretara. Ez da kultur eskaintza aberasgarriena. Eztabaidatu daiteke luze eredu horretaz. Saio horretan entzuten ziren eta entzuten diren kanta asko benetan eskasak dira.

Lehen O.T.-ko taldeko kanta (2001-2002).

Aurtengo O.T.-ra etorrita, bestalde, euskal herritar bat izan da lehian azkeneko asteetan: Martin Urrutia. Getxokoa (Bizkaia) da, eta 18 urte ditu. Badaki kantuan, dantzan eta interpretatzen. Ez litzateke inor lotsagorritu behar Urrutiaren zale izateagatik. Natxo de Feliperen esaldia berrikusiz: «Martin geurea da osorik, Begoñako Ama Birjina den moduan edo Realeko Oiarzabal den moduan». Biharko finalean lehian izango da Urrutia.

Musika lehiaketaren denboraldi honetan, zortzigarren galan, Urrutiak eta Chiara Oliver lehiakideak abesti bat katalanez eta euskaraz kantatu zuten: Escriurem. Miki Nuñezena da kanta originala; euskaraz Izaro Andresek kantatu zuen lehenbizi katalanarekin batera, eta geroago, Marenek ere kantatu izan du. Bi lehiakideen interpretazioa, berriz, saioko disko baterako ere grabatu dute.

Escriurem, Martin Urrutiaren eta Chiara Oliverren ahotan.

Zortzigarren gala hartan, Chenoak euskarazko hitz gutxi batzuk egin zituen. Horiek kantaren hitzei gehituta, euskarazko jario handiagoa da ETB2ko aurkezle batzuek azken 20-25 urtean gure hizkuntzan egin dutena baino. Gogorra da hortaz jabetzea gero, baina hala da.

Kantak dio: «...gure bizitza kantatu orri baten... oraindik baditut egunak zuretzat/ jantzitako iraganeko irrifarrez... nola zaindu ninduzun ahaztu gabe». O.T. 2023ko akademiako zuzendari Noemi Galerak saioko «ereserkitzat» jo zuen.

Eta galderak baino ez dira: ez ote da musika saio hori Conquis baino programa hezigarriagoa, nahiz eta lehena Amazonena izan eta bigarrena Euskal Telebistakoa? Faktore asko daude tartean, baina zergatik da Euphoria fenomeno bat Katalunian? Zergatik da O.T. fenomeno bat Hego Euskal Herrian, eta oharkabean pasatu da Ztanda ETB1etik? Chenoak, akaso, izan dezake erantzuna.

Chenoa, O.T.-ren lehen edizioan, 2002an.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.