Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Gure ipar eta hegoaldea

2015eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Allí abajo telesailaren estreinaldiak zalantza eta kezka sortu dizkit. Batetik, eta Angel Aldarondoren astearteko zutabearekin lotuta, umorearen unibertsalitatearen kontua. Ez baitaukat berak bezain argi umorea unibertsala ez denik. Hobeto esanda, baieztapen hori zein ikuspuntutatik interpretatu behar den. Chomskyk kritikatua izan den hizkuntzaren gramatika unibertsala definitu zuen. Bada, hizkuntza guztiek ez dute gramatika berdina, baina agian badituzte zenbait helduleku amankomunean. Eredu horren arabera, ez dakit umoreak ere unibertsal propioak defini ditzakeen. Horrelakorik ondorioztatzeko, agian, mundutar guztiok barre egitea atsegin dugula baieztatu beharko genuke. Ondoren, egoera komiko fikzionatuak sortu, ulertu eta umoristikoki barneratzeko kapazak ote garen ikertu. Eta egoera horien artean, lurraldetasunarekin lotutako istorioek barrea eragiten diguten edo ez jakin. Hau da, munduko umorea esentziara murrizten badugu, zeintzuk dira errepikatzen diren abiapuntu eskematikoak? Alegia, zeintzuk lirateke unibertsalak? Unibertsalik legoke?

Bestetik, Alli abajo-k ez zidan grazia zipitzik egin. Komediaren gauzatze teoriko perfektua dauka telesailak; egoera erreala izan zitekeenak —ama eta semea Sevillara doaz bidaian— errealitate komikoarekin egiten du topo—semearen oharkabe batean ama eskaileretatik behera erori eta koman sartzen da—. Ondorioz, ukitu komikoak dituen hirugarren egoera erreala sortzen da. Pertsonaien arkitektura aldetik, teorikoki zuzen baita ere;perspektiba komikoa dute, izaeraren matiz exajeratuak, artean, defektuak eta horien gainetik gizatasun handikoak dira.

Gauzak zer diren, ez nuela barrerik egin. Topikoek nekatu nautelako. Umoreak estereotipoetan duelako helduleku indartsua. Beraz, gizartea ordenatzeko eredu horiek indartu edo deusezteko balio duelako. Eta horregatik, umorea edo komedia eraldaketa sozialerako berebiziko garrantzia duen tresnatzat jotzen dudalako. Horrez gain, ez nuelako kulturema errealik sobera topatu. Bai, ordea, tokiko hizkera eta jarreran karikaturizazio superlatiboa. Andaluzen marka al da ustelkeria eta leialtasun falta harreman monogamo heterosexualetan? Denak al dira Pantoja? Garrantzitsuena: zenbat erabiltzen duzue zuek «kabenzotz»?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.