Aritz Galarraga.
EKOGRAFIAK

Gutxi gorabehera

2015eko urriaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hara, zer edo zer esan beharko neronek ere ETB1eko apustu nagusia den Aitaren etxea telesailaren gainean. Hasteko, bat natorrela Palaciosekin: gustura ikusi nuen estreinako atala. Gustura ikusi nuen Echegi fikziozkoa, gure Hondarribia, alegia, hain polita dena bandera espainolez beteta. Gustura, No-doak esan baitzigun: «Tributa a Franco un recibimiento lleno de afecto y entusiasmo». Orain egingo lukeen bezalatsu, segur aski; abuztu partean bereziki. Gustura ikusi nituen aktoreak, adibidez Abel Barriolaren doblea den protagonista —edo Iban Garateren doblea da?—. Felix Arkarazo ere bai, bestela betirako berarekin eramango lukeen ertzainaren papera gainetik kentzeko lanean. Eta Miren Gaztañagaren oso fan, Francorentzat den kopan listua botatzen duenean. Gustura ikusi nuen korapiloa azkenik, ezinezko maitasun bat —«alkatearen alaba duk; etsaiak dituk, Francoren morroiak»-, gerraondoaz abertzaletasunak egin duen errelato hegemonikoaren barruan dena. Edozein euskaldun zintzori oilo ipurdia jarri beharko liokeen mezuarekin: «Mantendu familia bat eginda. Eta defendatu aitaren etxea. Gora Euskadi!». Gora! Behera! Gutxi gora behera!

Orain, ondo dagoela esan ondoren, edo, kapitulu bakarra ikusita, ondo egongo dela ematen duela esan ondoren, kontxo, hausnarketarako: bakezko berrogei urte haien paisaia ez zaizue iruditzen behin baino gehiagotan kontatu digutela? Making off-ean esan ziguten: «Iruditu zitzaigun istorio hori hainbatetan kontatuta zegoela». Eta telesailez ere ari naiz, Amar en tiempos revueltos, Amar es para siempre, hasieretako Cuéntame, burua gehiegi estutu gabe. Ados, Aitaren etxea-k euskal berariazkotasuna izango du. Baina gauza bertsuez ari gara, ematen du kopiatzen, eta berandu beti bezala. Zergatik ez bilatu, ez xehetasuna, baizik eta benetako bide propioa? Zergatik ez saiatu kontatzen inork kontatu ez duena? Ez da izango etxean bertan ez daukagulako lehengairik. Santi Leonek esan zuen, Intxaurrondoko kuartel ahaztezina gogoan noski, joan den osteguneko Ekografia irakurri eta gero —ze meritu daukan gizonak, gauza horiek irakurtzegatik—: Olmos y Roblesen ondotik, Nueces y Nieve? Bada, zergatik ez, halako zerbait ETB1en, zergatik ez gara ausartzen. Berdin eta berandu ibiltzea baino, puskaz arrazoizkoagoa ez ote den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.