urtzi urkizu
Kritika

Haragizko dinamita

2024ko martxoaren 11
09:00
Entzun

Egunotan, Madrilen egoitza nagusia duten hedabide askotan aipatu dute Alfredo Urdazik (Iruñea, 1959) zer-nolako jokabidea izan zuen TVEko albistegietako zuzendari zela 2004ko Martxoaren 11ko atentatuen osteko orduetan eta egunetan. Besteak beste, Urdazik zentsuratu egin zuen Lorenzo Mila kazetariak AEBetako Gobernuko presidente George Bushi egindako elkarrizketa; Milak esan duenez, Bushek «terrorismo islamista» aipatzen zuen elkarrizketa hartan. Edonola ere, Julio Ibarra kazetariak eman du egunotan lekukotzarik berriena: BERRIAn kontatu du egun haietan bizitakoa, eta azaldu du heriotza mehatxuak egin zizkiotela. Bestalde, berritasun interesgarria izan da Disney Plus plataformak estreinatu duen Nos vemos en otra vida telesaila. Berritasuna da fikziozko generoaren bidez heldu diolako gaiari, eta ikuspuntu interesgarria eman du, Asturiastik (Espainia) Madrilera dinamita eraman zuen nerabe baten begietatik kontatu baitu istorioa. 

Telesailak Manuel Jabois kazetariak Gabriel Montoya Vidal Baby-ri egindako elkarrizketa luzea dauka oinarritzat; elkarrizketa hori baliatuz, eleberri bat idatzi zuen Jaboisek, modu librean. Dinamita garraiatu zuen Asturiasko gaztea zen, beraz, Montoya. Hura da protagonista Nos vemos en otra vida telesaileko sei ataletan, eta pertsonaia sinesgarria egiten dute bi aktorek —adin desberdinetan ageri baita—: Roberto Gutierrez —aurretik aktore lanetan aritu gabea zen— eta Quim Avila. Aita kartzelan duen mutil bat da Montoya, kalea eskola baino gehiago gogoko duena. Konturatu gabe murgilduko da droga trafikoan. Eta konturatu gabe hasiko da enkargu arriskutsuak egiten. Enkarguetako bat izango da jihadista batzuk Asturiasko meatze batera eramatea, dinamita jaso dezaten. Dinamita garraiatuko du hark ere, Madrilera, jakin gabe zer gertatuko zen lehergailuekin 2004ko Martxoaren 11n.

Koldo Zuazua lantaldean

Jorge eta Alberto Sanchez-Cabezudo dira telesailaren sortzaileak, ekoizle eragileak eta zuzendariak. Ez dira errazkeriara jotzekoak bi egileak, eta kasu honetan ere proposamen iradokitzailea egin dute. Haiena da Espainiako telebistan egin den telesailik onena, Crematorio, eta Nos vemos en otra vida ez da Canal Pluseko lan bikain hura bezain ona. Baina ekoizpeneko parte hartzaile guztiak harro egon daitezke Disney Plusen ikusgai den lanaz. Parte hartzaile horien artean dago Koldo Zuazua ekoizle donostiarra. Azkeneko urteetan askotariko lanetan ari da parte hartzen Zuazua, eta hari esker zuzendu zuen Iciar Bollainek Maixabel filma. Proiektuz bete lan da Zuazua. Ea haren begi onak bide ematen duen euskarazko ekoizpen mamitsuak ere egiteko —Handia filmean Kowalski Films ekoiztetxearekin parte hartu zuen—.

Telesaila ez doa berehala atentatuak aletzera, inolaz ere. Pixkanaka joaten da pertsonaiak marraztuz. Dosifikatuz doa azkeneko bi ataletan iritsiko dena prestatzen. Dosifikazio horretan, arriskuak hartu dituzte Cabezudo anaiek, eta onik atera direla esan daiteke. Telesail on batek gidoi txukun bat behar du beti, lehenik eta behin, eta hori badu Nos vemos en otra vida-k.

Disney Plusen 'Nos vemos en otra vida' telesaila.
Roberto Gutierrez aktore hasiberria Nos vemos en otra vida telesailean. DISNEY PLUS

Bestalde, Cabezudo anaiek hartu duten ikuspuntuak eremu zabala uzten du beste sortzaile batzuek beste fikzio batzuk egin ditzaten Martxoaren 11ren gaineko atentatuen inguruan; Julio Ibarrak berak bizitakoa eta Angel Berruetaren hilketa izan daitezke fikziora eramateko bi osagai mamitsu, esaterako.

Ezin da baieztatu, gainera, Nos vemos en otra vida guztiz eta erabat biribila denik, eta iritsiko dira gehiago gai horretaz. Ahultasun puntu bat dario telesailaren azkeneko atalari. Gehiegikeriari uko eginez zirrara gehiago lor daitekeela iradokiz bezala. Hautu zintzoa da, edonola ere.

Pol Lopezen interpretazioa

Gabriel Montoya gaztearen inguruko telesailak, hartaz, ez du inolako zerikusirik Amazon Prime Video plataformaren Reina roja fikzio inpostatuarekin. Bluf bat da Reina roja, nahiz eta aktore protagonista Vicky Luengo bikaina izan. Luengo eta Pol Lopez izan ziren Mikel Gurrea donostiarraren Suro filmeko aktore nagusiak —2022ko Donostiako Zinemaldian lehiatu zen katalanezko pelikula Sail Ofizialean—. Eta telesail berri banatan iritsi dira orain bi aktoreak pantailara; kontua da interesgarriagoa dela Nos vemos en otra vida, eta Lopezek egiten duen lana ere txapela kentzeko modukoa da. Emilio Trashorrasen pertsonaia antzezten du Lopezek: kontraesanetan bizi den gizon bat da Trashorras, droga trafikoan negozioak egiten dabilena, eta, aldi berean, Poliziaren konfidentea dena. Telesaileko eszenarik onenetakoak Lopez aktoreak antzeztutakoak dira. Haren hitz egiteko moduak kolorea ematen dio fikzioari. Eta haren keinuekin nortasun bereziko pertsonaia eraikitzen du. Trashorras izan zen, funtsean, jihadistekin akordioa itxi zuena dinamita saltzeko, eta zigor handia jarri zioten M-11ko epaiketan: 34.715 urteko zigorra, 192 pertsonaren hilketaren kooperazioan parte hartzeagatik.

Hau ez da Sanchez-Cabezudo anaien telesailik onena. Crematorio-k goia jo zuen, eta La Zona ez zen makala. La noche de los girasoles film ederra ere haiena da. Baina beti dute trebezia istorioak kontatzeko, eta denboran iraungo duten telesail horietako bat da Nos vemos en otra vida ere. Ez da memoria hurbilaren kontakizun faltsu bat, haragizko dinamita baizik. Fikzioaren osagaiak trebeziaz baliatzen dituen dinamita.

Nos vemos en otra vida telesailaren trailerra.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.