gorka julio
IRLEN SAREA

Hari amaigabea

2023ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Threads aplikazioa sortu du Metak. Facebook, Whatsapp, Instagram nahikoa ez eta orain Threads sortu du, Twitter moduko sare bat, baina fedibertsoko beste sare sozialekin elkarreragin dezakeena.

Hori da behintzat beraien nahia, baina ez nahi zintzoa. Mastodon eta beste sare sozialek erabiltzen duten protokolo bateragarria erabili nahi du sare horrek, bezeroak arrantzatzeko. Azken finean, sare sozial bat erakargarri egiten duena, bertan dauden edukiak dira eta ez badago edukirik... Horretarako Mastodon eta beste fedibertsoko tresna anitzetako kudeatzaile eta partaideak erakarri nahi dituzte. Horietako batzuek onartuko dute sare horrekiko bateragarritasuna, baina askok ez. Erabakia irmoa da: software libreko munduak aurrekarietatik ikasten du.

Googlek bere garaian antzeko mugimendu bat egin zuen Talk aplikazioarekin. Aplikazio hori, hasieran, jende askok erabiltzen zuen eta milaka aplikazio ezberdinetan erabiltzen zen protokolo ireki bat zerabilen. Behin Talk Gmail-eko integrazioarekin batera famatu egin zenean, protokolo irekia erabiltzeari utzi zion. Eta jendea bere sisteman bakarrik itxi zuen. Horrek, noski, beste protokoloa zerabilten aplikazioei kaltetu zien.

Aitortza esplizitu bat ere ematen da nahigabe Metaren mugimendu horrekin: software libreko teknologiak aitortza gutxiago izateagatik ez dira txarragoak, askotan hoberenak direla erakusten dute. Aitortza baino, enpresa hauek askoren artean sortutako ondare hori ez perbertitzeko mekanismo gehiago beharko genituzke.

Begirada zabalago batetik akaso, baloratzen dena kapitala izateak sortzen duela esan genezake. Kapitala zerbait bada, hildako lana da, ezer berririk bere horretan sortuko ez duena. Horretarako lan bizia behar da, lan bizirik gabe, esfortzurik edo irudimenik gabe ez da ezer berririk sortzen edo mantentzen. Nola litzateke hildako lana baino, lan bizia balioztatuko lukeen gizarte batean egongo bagina?

Oraindik ere sakonago jotzen badugu, zer demontre ari gara enegarren sare sozial klona sortzen? Zertarako behar dugu beste bat, aurreko guztiek sortu dituzten egoera kaltegarriak, konponduko ez baditu —eta ez ditu konponduko—. Honezkero milaka gaixotasunentzako sendagaia edo ondo bizitzeko teknologia apartak izango genituzke denbora hau baliatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.