EKOGRAFIAK

Hartu arnasa

Gaizka Izagirre
2023ko urriaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ziur nago lerroburua irakurri duzuenean euskal sareetako coach ezagunena etorri zaizuela burura: Enekoach. Gustura egingo nukeen arren, ez dut pertsonaiaren azterketa sakonik egingo; gaurko bi gomendioak ikusteko, bere esaldirik ezagunena primeran etorriko zaizuela esateko soilik aipatu dut Enekoach : «Hatu anasa ta bota».

Lehenengoa The Deepest Breath. Apneako munduko txapelduna den Alessia Zecchini-ren istorio tragikoari buruzko dokumental zirraragarria da, urteko ezinbesteko horietakoa. Kirol honen xedea erakusteaz gain, senitarteko eta lagunen testigantzen zein beste urpekari batzuek hartutako itsaspeko irudi harrigarrien bidez, Laura McGann zuzendariak Alessiaren istorioa azaltzen du. Stephen Keenan irlandarra da narrazioaren beste protagonista nagusia, munduko segurtasun-laguntzaile urpekaririk onena. Alessia eta Stephenen bizitzak gurutzatu egingo dira, eta gertaera hori dokumental berezi honen mami nagusietako bat izango da. Kirol-epikaz eta unibertso horren dinamika bereziaz haratago, adiskidetasuna, leialtasuna eta, batez ere, Alessiaren eta Stephenen arteko maitasuna dira lan honen oinarri nagusia. Itsaspeko planoak ederrak diren arren, edertasun horren azpian, arrisku handiko kirola ezkutatzen da. Alderdi emozionalaz gain, muntatzea eta gidoia ere bereziki zaindu dira; kritikari batzuek tranpati samarra dela aipatzen duten arren, gidoiaren egitura oso zuhurra iruditu zait, oso ondo zaindu eta neurtu baitute kontatzen den guztia eta zein ordenatan azaldu.

Bigarren gomendioa The Rescue. Etxeko leihoak ireki, burua kanpora atera eta sakonki arnastu; hori da dokumental hau ikusten duzuenean egin nahiko duzuen lehenengo gauza. Urak hartutako kobazulo batean harrapatuta, Thailandiako 12 nerabeen eta futbol-entrenatzailearen 2018ko erreskate dramatikoa erretratatzen duen lan gordina baita. Kasu harrigarri honen aitzakiaz, era paregabean erakusten dute zuzendariek haitzuloetako urpekaritzaren mundu arriskutsua, erreskatatzaileen ausardia eta komunitate oso baten dedikazioa nolakoa den. Mundu mailako kasu mediatikoa bilakatu zen arren, aski ezaguna, inoiz ikusi ez diren irudiak erakusten dizkigu lan honek, klaustrofobikoak eta itogarriak. Zama emozional handia duen lana da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.