urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

(Hauek ere) ez dute euskara maite

2025eko urriaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkeneko hilabeteetan, BERRIAk euskaraz argitaratu dituen hainbat artikulu eta elkarrizketa publikatu dira ingelesez, eslovenieraz, katalanez eta galegoz. BERRIAren ikus-entzunezkoen taldeak egindako Bidaia bat 50 urte atzera, aurrera egiteko dokumentala —Juan Paredes Txiki-ri eta Angel Otaegiri buruzkoa, fusilatu zituztenetik 50 urte bete direla-eta egina— eman dute Hamaikan, Xaloa telebistan eta Kanalduden. Lerro hauen bidez zera nabarmendu nahi da, euskarazko prentsak baduela oihartzuna. Edo nahi duenak aurkitzen duela modua euskaraz argitaratzen denari bide emateko. Biktimismorik ez, hasteko.

Kontua da benetan lazgarria dela euskarazko pelikulen afixekin gertatzen dena. Euskara hutsez egindako film bat, Eusko Jaurlaritzaren eta beste erakunde batzuen laguntza jaso duena, iristen da zinema aretoetara. Eta hau ziurra da, etengabe gertatzen ari den zerbait delako, Interneteko sare sozialetan eta beste euskarri batzuetan filma iragartzen denean, banatzaileak edo horren marketinaz arduratzen denak soilik gaztelaniaz egindako iruzkinen esaldiak sartzen dituela afixan. Gaztelania hutsean argitaratzen diren hedabideen kritikarien iritziak ageri dira afixa horietan. Euskarazko bakar bat ere ez, zer eta filma euskaraz denean. Zer dago horren atzean? Hipotesiak: filma egiten duten ekoiztetxeek kontratatzen dituzten enpresek ez dakite euskarazko komunikabideak daudenik? Lan horretaz arduratzen diren profesionalek ez dakite euskaraz? Euskarazko filmak iragarri behar dituzten arren, ahaztu egin zaie zinta horren hizkuntza zein den? Edo afixa horiek egiten dituztenentzat Espainiako komunikabideak dira indartu beharrekoak eta gutxietsi egiten dituzte euskaraz argitaratzen diren hedabideak hartzaile gutxiago dituztelakoan? Hipotesiekin hasiz gero, agian Manuel Fraga Iribarne ministro frankistarekin bat egiten dute. Gogoratu bestela 2001eko udaberrian publikoki esan zuena: «Euskara museoko hizkuntza bat da».

Jone Batzuetan filmaren afixa
'Jone, batzuetan' euskarazko filmaren afixa. BERRIA

Euskaraz zinema kritikak idazten dituen batek kontatutakoa da. Iaz gertatu zitzaion: banaketa etxe batetik deitu zioten, esanez irakurri zutela euskarazko pelikula baten inguruan idatzi zuena, eta baimena eskatu nahi zioten afixan bere esaldi bat sartzeko. Kritikariak baiezkoa eman zuen, eta pozik gelditu zen. Baina hara non, iritsi zen afixa, zabaldu zuten han eta hemen —Euskal Herrian eta Espainian—, eta afixa horretan soilik gaztelaniazko komunikabideetako kritikarien esaldiak zeuden. Zer dela eta halako itsuskeriak?

Ondorioa argia da. (Hauek ere) ez dute euskara maite.

Azkeneko urteetan alor horretan euskarazko komunikabideetako esaldiak sartzen dituzten gutxien artean Fermin Muguruzaren filmetako marketinaz arduratzen direnak eta Maluta Films ekoiztetxekoen lanak daude. Euskarari begirune handiagoa dioten seinale. Eta euskaraz lan egiten dutenei ere bai, bide batez.

'La infiltrada 2'

Ez da aztia izan behar jabetzeko Agustin Diaz Yanes zinemagilearen Un fantasma en la batalla filmaren afixetan ez direla euskarazko prentsan publikatutako iritzien esaldiak azalduko; euskarazko hitz batzuk entzuten dira pelikulan, dena esan behar bada. J.A. Bayona, Belen Atienza eta Sandra Hermida dira film horren ekoizleak, eta joan den ostiralean iritsi zen Netflix plataformara. La infiltrada 2 izenburua ere izan zezakeen pelikulak. Ez du inolako ekarpenik egiten Santiago Seguraren ekoiztetxeak ekoitzitako La Infiltrada film sarituaren aldean. Batere ez. Aurrenekoan Espainiako Poliziako agente bat infiltratzen zen ETAn, eta honetan guardia zibil bat da. Hortik aurrera...

Agustin Diaz Yanesen 'Un fantasma en la batalla' filma
Agustin Diaz Yanesen 'Un fantasma en la batalla' filma. NETFLIX

Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean filma estreinatu zenean, Lander Garrok zera idatzi zuen BERRIAn Un fantasma en la batalla-ren inguruan: «Den-dena da meme bat, txiste txar bat, historia hain latza eta grabea ez balitz barregura eragingo ligukeena». Gaizka Izagirrek, era berean, herenegun: «Klixeen errepikapenean kateatuta geratzen da narrazioa. Eta ustez serioak diren elkarrizketek komedia inboluntarioaren eremura lerratzen dute istorioa».

Juanjo Pereira Paraguaiko zinemagileak Bajo las banderas, el sol filma aurkeztu zuen Zinemaldiko Zabaltegi sailean. Eta haren esaldi batek ematen du zer pentsatua: «Ez litzateke negozioa egin behar memoria historikoarekin». Zazpi hitz soiletan, asko esaten du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.