Lide Hernando.
Ikus-entzunezkoak

Hautsaren erregina

2024ko otsailaren 8a
05:00
Entzun

Gangster generoa ez da inoiz izan nire gogokoenetakoa: drogak, vendetta, pistolak eta traizioak ez dira inoiz nire jopuntuan egon. Trama korapilotsuegiak dituztela iruditzen zait, gauza asko esan gabe gelditzen direla —genero horren jarraitzaileek ulertuko dituztela suposatzen delako, niri gertatzen ez zaidana—. Ohartzen naizenerako, lurra odolez beteta dago, hauts zurizko lerroz zeharkatutako mahaien azpian, eta gorpu saldo bat.

Noski, eduki batzuek pikutara bidali didate baieztapen hau; telesailen podiumean jarriko nituzkeen Breaking Bad edota Better Call Saul, kasurako. Baina horiekiko dudan debozioak ez du zerikusirik gangster generoaren moldeekin: trama korapilatsuetan baino gehiago, fokua pertsonaien psikologian eta arkuetan jarri dutela uste dut, eta hori da gozamen handiena eragin didana.

Agian horregatik ez dut Netflixeko Narcos sagatik ezer ikusi orain arte. Jakitun naiz horietako miniserie batzuk onak izan direla, baina akats larri bat egin dut oraingoan: zuzenean Griselda ikusi. Eta egindakoak ez du lagundu nire gangster generoarekiko sinpatiaren gorakadan.

Aitortu behar dut, gehiago eraman nauela Sofia Vergararen El Hormiguero-ko bideo biral horrek telesail hau ikustera, telesailak berak baino. Vergarak Pablo Motosi eman zion erantzun epiko horren berri izan ez banu, ez litzaidake bururatu ere egingo ikustea. Baina egin dut. Eta zer nahi duzue esatea: kariñoa hartu nion Vergarari Modern Family-n, baina hemen ez dut sinesten. Nabari zaio gidoian idatzitakoa buruz botatzen ari dela, eta, saiatu arren, gaiztoaren paper hori zeharo behartuta ateratzen zaio. Gainontzeko aktoreen artean ere ez nuke inoren lana nabarmenduko —ez bada Ernesto Alterioren bi eszenatako agerpena; zoritxarrez, denbora gutxiegi egon da pantailan—. Polizia paperean topatuko duzuen Juliana Aiden Martinezen gaztelera ere sinesgaitza egin zait.

Eta azken honi buruz ari garela, bi kontutxo. Bata, kuriosoa egin zaidala ikustea nola jatorri latinoko pertsona askok euren artean ingelesez hitz egiten zuten —horrek euskaldunon artean gertatzen den erdal fenomenoa ekarri dit gogora—. Bestea: ondo dagoela fikzioan emakumeen paper indartsuak ezartzea; baina horrek ez du esan nahi bere inguruko gizonak inozo huts gisa jarri behar direnik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.